Interneten euskarazko bilaketak errazteko tresna bat jarri du sarean Jaurlaritzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 10a, 18:19

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hizkuntzen teknologietako produktu berri bat jarri du erabiltzaileen eskura www.euskara.euskadi.net helbidean, hain zuzen ere, Euskarazko softwarea deskargatzea atalean: web garapenerako Miatu Erraz liburutegia. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako iturriek jakinarazi dutenez, webguneetan euskarazko bilaketak egiten direnean, oro har, emaitzak ez dira onak izaten, bilatzaileek euskaraz bilatzeko teknologiarik ez dutelako. Miatu teknologiari esker, bilaketak euskaraz egitea errazagoa da. Miatu Erraz liburutegiak, euskararako lematizazio teknika aurreratuak erabiltzen ditu sarean bilaketak egiteko, eta TXT eta HTML formatuetan euskarazko hitzak bilatzeko aukera eskaintzen du. Argazkian, hainbat lagun kzgunean.

Miatu Erraz ez da erabiltzaile arruntek erabiltzeko programa, web-garatzaileek erabiltzeko liburutegia baizik. Horregatik, programa honi etekin handiena atera ahal izateko, nahitaezkoa da web-garapen inguruneko ezagupen teknologikoak edukitzea. Eleka Ingeniaritza Linguistikoak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren enkarguz garatu du Miatu Erraz. Esan bezala, aipatutako webgunetik deskarga daiteke Miatu Erraz bilaketa-liburutegia ez ezik, euskaraz dagoen eskuliburua ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun