Maiatzaren 18rako manifestazioa deitu dute Bakion Bizkaiko gaztetxeek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 10a, 20:43

"Kapitalismo basatiari, proiektu txikitzaileei Stop!" lelopean, Bizkaiko gaztetxe eta gazte asanbladek manifestazioa deitu dute Bakion hilaren 18rako. Pasa den astelehenean, Bilboko Zazpi Kaleetan egindako prentsaurrekoan, gazteek salatu zituzten azken bolada honetan Bizkaian "abian diren proiektu txikitzaileak. Epe oso laburrean Abiadura Handiko Trena eraikitzen hasiko dira Durangaldean. Ez oso berandu, Boroakoa eta gero, Lemoizen Zentral Termikoa inposatuko dute eta Getxoko Andra Marin beharrezkoak ez diren milaka etxebizitza eraikiko dituzte. Seguruenik hauek izango dira ezagunenak diren sarraskiak. Baina honekin batera badaude bestelako proiektu asko: Super Sur, erraustegiak, eraiki nahi dituzte kirol portu guztiak, golf zelaiak, beharrezkoak ez diren saihesbideak eta errepideak, txikitzen ari diren kanterak, eolikoak...". Gazte asanbladek hiru eskakizun egin nahi dituzte manifestazioaren bidez: proiektu txikitzaile oro gelditzea, inposaketa oso etetea eta herritarrek zer behar duten eta zer ez erabaki ahal izatea / Gaztesarea.

Bizkaiko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen oharra:

Badator Abiadura Handiko Kapitalismoa. Munduan zein Europan kapitalismoak daraman abiadurak hondamena dakar. Eta Euskal Herria ez da salbuespena. Herri hau ere sistemaren erasoaldi orokorraren jo puntuan baitago.

Egunez egun sufritzen ditugu geure larruazaletan kapitalismo basatiaren ondorioak. Interes ekonomiko pribatuen mesedetan, beraien tamainako mundua eraikitzen ari dira munduaren jabe diren dirudunak.

Kapitalismoak herriak hiltzen ditu. Kapitalismoak herritarrak akabatu eta mila esplotaziotara kondenatzen gaitu. Sistema produktibo zapaltzaile baten piezak bihurtu gaituzte. Emakumeon zapalkuntza azken muturrera eramaten ari dira. Eta guzti honekin batera, amalurra txikitzen ari dira.

Europa kapitalista eraikitzeko saiakera honetan beharrezkoa dute Europa osatzen duten puzzle zati guztiak egoki jartzea. Eta hori da gure herriaren egoera. Sistemak dituen beharrizanen arabera ari dira eraikitzen gure herri hau.

Eta hori da gure herrialdean, Bizkaian, ematen dena ere. Boterean dauenak beraien tamainako Bizkaia eraikitzen ari dira. Beraien interes ekonomiko hutsei erantzutnez egundoko sarraskia eginez aberasten dira.

Zapalkuntza egoera honen adierazle nagusiak ditugu egun herrialdean abian diren proiektu txikitzaileak. Epe oso laburrean Abiadura Handiko Trena eraikitzen hasiko dira Durangaldean. Ez oso berandu, Boroakoa eta gero, Lemoizen Zentral Termikoa inposatuko dute eta Getxoko Andra Marin beharrezkoak ez diren milaka etxebizitza eraikiko dituzte. Seguruenik hauek izango dira ezagunenak diren sarraskiak. Baina honekin batera badaude bestelako proiektu asko: Super Sur, erraustegiak, eraiki nahi dituzte kirol portu guztiak, golf zelaiak, beharrezkoak ez diren saihesbideak eta errepideak, txikitzen ari diren kanterak, eolikoak...

Egiten ari diren sarraski honek ez du sistemaren beharrak asetzea beste helbururik. Eta aldiz, sarraski hauek, herritarrok eta batez ere gazteok bizi ditugun zapalkuntzak areagotzea besterik ez dakar. Proiektu guzti hauen inposaketak kapitalismoaren aurpegi bortitzenei aterak irekiko dizkiete; kontsumismoa, prekarietatea, lehiakortasuna, pobrezia...

Argazkia oso iluna da. Baina egoera honen aurrean ematen ari den herri erantzuna ere horren tamainakoa da. Asko eta asko dira herrialdean zehar horrelako proiektuen aruka altxatu diren asanbladak, herri plataformak eta bestelako taldeak.

Horregatik, sistemaren erasoaldia osokorra den heinean, erantzuna ere horrelakoa izan behar dela deritzogu. Beharrezkoa ikusten dugu egiten ari diren sarraski guztiak gelditzeko indarrak biltzea. Horregatik proposatu nahi diegu Bizkaiko Gazte Asanblada guztiei erantzun bateratu bat ematea. Eta horretarako aukera maiatzaren 18an izango dugu, Bakion. Egun honetan manifa bat burutuko dugu egun herri honetan existitzen diren proiektu txikitzaileen aurka.

Manifearen lema Kapitalismo basatiari, proiektu txikitzaileei STOP! izango da eta manifaren bitartez ondorengoa aldarrikatuko da:

1. Proiektu txikitzaile oro gelditzea.
2. Inposaketa oro etetea
3. Herritarrek erabakitzea zer behar duten eta zer ez

Bizkaiko gaztetxe eta gazte asanbladak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun