Udalak Euskararen Eguna debekatu ostean Portugalete euskalduna aldarrikatuko dute larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 10a, 23:51

Asteetan zehar Euskararen Eguna prestatzen ibili diren herriko euskalgintza eta kulturgintzako elkarte anitzen ahalegin guztien gainetik pasa nahi izan dute Portugaleteko PP eta PSE-EEko agintari erdaltzaleek, jaialdia ildo politiko jakin batekin oso lotua dagoela argudiatuta, euskararen normalkuntzaren ildo politikoarekin hain zuzen ere. Udal Gobernuak Euskararen Eguna debekatu ostean, Portugaleteko elkarteak ez dira mutu gelditu eta larunbatean udaletxetik abiatuko den manifestazioa deitu dute, 13:00etan. Protestaren leloa "Udal debekuen gainetik... Portugaleten ere euskara ofiziala. Udala euskaldunduko dugu!" izango da. Izan ere, debekuaz gain, taldeek "herritarrak euskaraz hartzeko gai izango den langile bat ere ez duen Udala" kritikatu dute. Horregatik, "Portugalete eta Ezkerralde osoko herritar euskaltzaleak, euskararen normalkuntzaren aurkako eraso berri honen aurrean inoiz baino ozenago erantzutera" deitu dituzte.

Portugaleteko EHEren oharra:

Debeku guztien gainetik, Portugaleten euskara ofiziala!

Udala euskaldunduko dugu. Udala herriko euskaltzale eta elkarlanean aritutako elkarteei zuzendutako erasoa dela eta, ez dugu Euskara Eguna ospatuko. Udalak kontu teknikoen aitzakiapean egunaren ospakizuna aurrera eramatea galarazi digu. Beste behin ere ezkutuko zentsura politikoa erabili da herritarron aldarrikapena isiltzeko.

Duela astebete, Burlata eta Atarrabian (Nafarroan) antzeko ekimena burutzea debekatu zuten. Oraingoan erasoa ez dator Nafarroako agintarien eskutik, euskara ofizialtzat duen herri bateko agintarien aldetik baizik. Sanz bat baino gehiago dugu gure artean.

Udaletxetik politika egitea leporatzen digute; herri bazkaria ere politika omen da? Izan ere herritar guztien hizkuntza eskubideak defendatzen ditugu. Ez al da politika egitea euskararen normalkuntzari oztopoak jartzea? eta euskara eguna debekatzea? eta Portuko gazte bulegoan langile euskaldunik ez egotea? Eta udal harreran langilegoa erdalduna izatea? eta edozein tramitea euskaraz egiteko baliabiderik ez izatea? eta "ni euskaraz bizi naiz eta zu" Udalak martxan jarritako burla kanpaina? Hori bai dela politika egitea! Herritar guztion hizkuntza eskubideen defentsan aurrean izango gaituzte.

Orain arte, Portugaleteko euskaldunok bigarren mailako herritarrak izan gara. Horren aurrean badago euskaraz bizi nahi duen hizkuntza komunitate bat. Herritarrok dugu giltza. Portugaleten benetako ofizialtasuna gure esku dago. Euskaldunak izateagatik, hizkuntza eskubideak ditugu eta eskubide horiek borrokaren bidez eskuratu edo ez ditugu lortuko. Ezin gara etsipenean erori. Euskaldun bakoitza, egunez egun, euskararen aldeko eragilea behar du izan. Norberak bere esparruan hizkuntza eskubideak aldarrikatuz eta Udalari hizkuntza politika egokia exijituz. Ezin dugu zapalkuntza linguistikoa berezkoa izango balitz bezala onartu.

Aldaketa garaia dela eta hizkuntza eskubideei ateak zabalduko dizkien hizkuntza politika berria aldarrikatzen dugu.

Portugaleten Udala euskaldunduko dugu! Beste behin ere udalak zentsura politikoa erabiliz benetako ofizialtasunaren oihua isildu nahi du. Ez dute lortuko, larunbatean Portuko kaleak bete behar ditugu euskararen alde!!

MANIFA: LARUNBATEAN, 13:00EAN UDALETXEKO PLAZAN
UDALA EUSKALDUNDUKO DUGU!
PORTUGALETEN EUSKARA OFIZIALA!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun