Aparkamendua eta trafikoa hobetu nahi dituela dio Getxoko EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 11a, 00:24

Azken urteotan Getxoko Udalak udalerriko espaloiak zabaltzearekin batera autoa uzteko doako lekuak murriztu eta ordainpeko parkingak ugaldu dituela, astelehenean Imanol Landa EAJren alkategaiak hiritarren artean kezka handia sortzen duen aparkamendu arazoari heldu zion. Bere ustez, “asko aurreratu dugun arren, gehiago egin behar dugu eta zehatzago esanda, Getxoko hiritarrek egindako eskaerei erantzun egin behar diegu, ongizatean eta bizitza kalitatean aurrera egiten lagunduko diguten apustuen bidez. Aparkaleku arazo hau, adibidez, Getxoko toki batzuetan (Villamonte, Gobela kiroldegia, Santa Ana eta Andra Mari) aparkaleku plaza gehiago jarriz arinduko litzateke”. Helburu horrekin, Imanol Landak Villamonten eta Santa Anan lurpeko parking bana jartzea, Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegia bete dadin eskaintza berriak egitea eta Ibarbengoako metro geltoki berrian aparkamendu gomendatuzko sistema ezartzea proposatu du, besteak beste.

Lau neurri nagusiak:

- Villamonten lurpeko aparkalekuak jartzea, 200 plaza inguru, Algortako erdigunean pilaketak arintzeko.

- Itzubaltzeta / Romo auzoan aparkaleku falta eta zirkulazioa arintzeko, Gobela kiroldegiko aparkamendua martxan jartzeko konpromisoa hartzea, eta horrela 240 plazako eskaintza egitea, alokairuan batzuk txandakoak besteak.

- Santa Anan lurpeko parking bat jartzea, Areetako alde horretako BOEetan.

- Ibarbengoan, metro geltoki berriaren ondoan aparkamendu gomendatuzko sistema ezartzea. Horren bidez, Getxoko hiritarrei zerbitzu garrantzitsua eskaintzeaz gain, raunkortasunaren aldeko apustua egingo litzateke. Gainera, espazio bat sortuko litzateke udalerrira hurbiltzen diren pertsonek hiriguneetara jo nahi izanez gero, metroz egiteko, eta ez euren ibilgailuetan.

Bidegarritasunari eta trafikoari buruzko azterlanak:

Horretaz gain, jeltzaleek agindu dute Algortan aparkamendu aukerak bilazen jarraituko dutela, eta kontuan izango dutela Ereagako igogailua, hondartza eta aisialdi gune horren eta Algortako hirigunearen arteko aparkamendu konexio bihurtzen ari baita.

Imanol Landak, EAJk duen Getxoko Udalerako zerrendaburua, hurrengo legealdian udalerriko bidegarritasunari eta trafikoari buruzko azterlanak egiteko ekimenak eta konpromisoa azpimarratu ditu, horien bidez ibilgailuen zirkulazioa hobetzeko neurri egokiak har daitezen. Bere iritziz, neurri horiek beste hainbat proposamenen osagarri dira, Getxon irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko, hala nola "arkitektura-oztopoak kentzea, San Nikolas, Andres Cortina eta Bihotz Alai aldean oinezkoentzako guneak jartzea, ibilbide eta espazio estaliak egiteko programa berriari ekitea edota Sarrenebarri eta Alango arteko konexioan Algortarako sarrera berria egitea".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun