Joan den maiatzaren 5ean Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok, Aitor Mendiluzek eta Sustrai Colinak eman zuten emanaldi bikainaren ostean, bihar Bizkaiko azken txapelketako finalera iritsi ziren lau gazte bertsolariren txanda izango da: Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue eta Fredi eta Xabi Paya anaiak. Guztien artean, sei aldiz parte hartu dute 30 urte bete aurretik Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, Bizkaiko txapelketetan ere ohorezko postuak lortu dituztelarik.
Maiatzaren 19an, berriz, jaialdia amaitzeko antolatuko den kartel ezin erakargarriagoan, bi gipuzkoar (Sebastian Lizaso, 1986ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian gailendu zen bertsolari beteranoa, eta Jon Maia zumaiarra, zenbait finaletan jardundakoa) azalduko dira oholtza gainera, eta hauekin batera, Durangoko bi bertsolari bizkaitar: hiru aldiz Txapelketa Nagusiko finalista izan den Unai Iturriaga eta Igor Elortza, Bizkaiko txapela lau aldiz irabazi duena.
Ibilbide luzea
Aurreko edizioetan, Udaberriko Bertso Saioak esparru desberdinetan antolatu da, hala nola, Areatzako kioskoan, Bidebarrietako liburutegian, Santiago plazan edota Deustuko San Pedro Plazan. Azken urteotan, antolatzaileak konturatu dira, eguraldiaren gora-beherak alde batera utzita, kalea dela ahozko literaturaren adierazpide honen naturazko jokalekua. Ildo honetan, Jaialdiak gora egin du ikusle kopuruari dagokionez, iazko edizioan ia 900 pertsona erakarri zituelarik. Bilbotarren artean euskal kultura eta hizkuntza sustatzeaz gainera, Udaberriko Bertso Saioak jaialdiak euskaltzaleentzako topagunea izan nahi du, hiriko bertso-eskoletan egiten den lana ere bultzatzeko asmoz.