EA "burujabetzaren sugarra" mantentzen duen alderdi bakarra da Ziarretaren ustez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 14a, 18:47

Unai Ziarreta Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak pasa den larunbatean Algortako alkartetxean emandako mitinean ziurtatu zuen datozen hauteskundeetan EA izango dela burujabetzaren aldeko aukera bakarra. Ziarretaren aburuz, EArentzak hilaren 27ko hauteskundeak garrantzi handikoak dira, alderdia bakarrik aurkezten delako eta "egun EAk bakarrik eta ez beste inork ordezkatzen duen burujabetzaren sugarra mantendu dadin". Unai Ziarretak EAJri egotzi zion aurten bananduta aurkeztu izanaren ardura, 2001ean marko juridiko politikoa gainditzeko hartutako konpromisoa alboratzeagatik. EAko idazkari nagusiarentzat, 2005eko otsailaren geroztik, Espainiako Kongresuak EAEko Estatutu berriari emandako "ezezko borobilaren" ostean, EAJk proposamen hori behin betiko baztertu du. Era berean, "kontsulta bat egitea ere behin betiko alboratu du" eta egoera horri EAJren zuzendaritzak Espainia "liluratzeko" beharrari buruz eta PPrekin akordioak egiteko aukerari buruz egindako deklarazioak gehitu zizkion. Ziarretaren aburuz azken hori guztiz aberrantea litzateke.

Bestalde, kritikatu zuen AS eta EAEko zerrenden ilegalizazioa eta Batasunak hauteskundeetan egoteko eskubidea EAk beti defendatu duela esan ostean, Ziarretak gaitzetsi zuen PSOEren jokaera: "ezin zaio esan gizarte alderdi bati bide politikoen aldeko apostu garbia egin dezan, EAErena izan daitekeela, eta gero oztopatu, horrek politikaren bidez ezin direla gauzak lortu transmititzen baitu azkenean". Azkenik, salatu zuen alkartetxeak jasandako erasoa eta Espainiako Gobernuak "Batasuneko mundua" aurkeztu ahal izateko gaiarekin izandako "ardura ezaren" ondorioz "prozesuak bizi duen egoera zailean" kokatu zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun