"Frente al consenso del ladrillo, por una nueva politica urbanistica" izenburupean, igandeko 11:00etarako deituta zeukaten ekitaldia Berdeek. "Udalak betoa jartzearen ondorioz, hitzaldia zutik eman behar dudan lehenengo aldia da", kritikatu zuen David Hammerstein alderdi ekologistako eurodiputatuak. "Dena den, ertzean egiten dugu lan Berdeok", esan zuen ironikoki ondoren. Bestalde, udaletan ematen den "gardentasun eza eta herritarren parte hartzeari mespetxua" gogor salatu zituen Hammersteinek. "Getxo, Sopela edo Bakion gertatzen den bezala, hirigintza sustatzaileak dira gerizpeko udala", adierazi zuen Berdeen ordezkariak. Ondoren, "euren auzoa maite eta gehiengoaren onuraren alde borrokatzen dutenez oso harro" dagoela aipatu zuen, Getxorako zerrendan agertzen diren auzotarrei buruz.
Garapen iraunkor arloa
Lurralde Zati Planerako (LZP) "luzamendua" eskatu ostean, Euskal Autonomi Erkidegoko udal guztietan garapen iraunkorra gaitzat izango duen arloa eratzea proposatu zuen Florent Marcellesi Bilborako hautagaiak. "Edozein hirigintza plana kontrolatzea litzateke horren lana, aurretik ingurumenaren gaineko azterketak eginez eta herritarren eta tartean dauden eragileen benetako parte hartzea sustatuz". "Administrazio publikoan zeharkako planak ere bultzatuko lituzke, kontsumo energetikoa eta berotegi efektua eragiten duten gasen emisioa gutxitu aldera", gaineratu zuen.