Lehentasunen artean, etxeko laguntza zerbitzua asteburuetara zabaltzeko asmoa adierazi du Ruizek, "hori etxez etxeko janari zerbitzuarekin uztartuz"; baita menpekotasunen bat duten pertsonen zaintzaileei laguntza psikologikoa eskaini eta irisgarritasun arautegira moldatu nahi direnei igogailua jartzeko diru laguntza ematekoa ere. Bestalde, familientzako hainbat neurri aurreikusten ditu Erandioko PPk: eskola materiala erosteko diru laguntzak, familia eta lana uztartu ahal izateko haurrentzako hiru gela, ume jaioberriak dituzten bikoteentzako lau hilabeteko arnasaldi programa, baliabide gutxien daukatenentzako onura fiskalak eta seme-alaba bakoitzeko 600 euroko ordainsaria, besteak beste.
Ezinduak eta gizarte baztertuak
Erandioko ezinduen egoera dela eta "kezkatuta" agertu da Ruiz eta, horregatik, Irisgarritasun Plana onartzeko konpromisoa hartu du, "arkitektura eta kale oztopoak pixkanaka kendu ahal izateko". Baztertuak izateko arriskuan daudenei begira, berriz, gizarteratze eta laneratze programak abian jarri nahi dituzte popularrek: "nagusiki, hitzarmenak sinatuko ditugu udalerrira etortzen diren enpresekin, bertan baztertutako erandioztarrentzako lanpostuak gorde ditzaten", azaldu du Ruizek.