Xabi Paya: "herriaren kalterako"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 27a, 20:57

Urriko hirugarren astea gogor samarra izan da Algortako jende askorentzat. Jende horrek aurrerantzean baimena eskatu beharko du lagun batekin hitz egiteko, edo lagunari musu emateko, edo ikusteko. Kilometro pila ederra egin beharko du horretarako, eta ez baldin badu istripurik bidean (eta honezkero gertatu da), hilean behin egongo da maite duen horrekin. Astea, aldiz, gogorragoa izango zen kateatuta eraman zituztenentzat eta egoera berriaren jabe egiten hastea ere ezin gogorragoa egingo zaie. Askatasuna kendu diete eta preso batek daki ondoen zer den askatasuna. Kendu diete herria, herriaren parte izatea, herri mugimenduaren parte aktibo izatea...

Lasai, ez nator manifestazioetako garrasiak testu bihurtzera. Aitzitik, kointzidentzia baino gehiago den zerbait kezka sortu dit: preso daramatzaten gazte eta ez hain gazte gehienak euren herriko mugimenduaren bultzatzaile handienak izaten dira kasu gehienetan.

Askoren begitara "herri-suntsitzaileak" badira ere, herrigileak dira oso. Oraindik orain gogoan dut urriaren 17an prentsan agertzen ziren izenen aurpegiak Algortako San Inazio jaien alde lanean ikusi izana; gazte mugimenduak antolatutako jai gehienetako kolaboratzaile lehen, orain pankarta eta karteletako irudi.

Azken batean, presoek gauza ugari galduko dute, baina euren ingurukoek mila gauza galtzen dituzten moduan, euren inguruak berak ere zerbait galtzen du. Hutsunea uhin efektuan zabaltzen da: zenbat eta hurbilago egon, orduan eta indartsuagoa izango da eragina. Orduan, familiek sentitzen duten hutsunea herriaren bizigarri diren mugimenduek, taldeek eta abarrek sentituko dute. Eta ahultzen joango dira.

Bitxiak dira, benetan, sistemaren paradoxak: urriaren 14ko gazteak kartzelara sartu dituzte eta kartzelaren helburu nagusia pertsonak modu egokian gizarteratzea da. Baina, gazteok inor baino gizarteratuago baldin badaude jadanik?

Xabi Payak gaur "Gaur8" gehigarrian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun