Sahara eta Ekialdeko Europako 45 haur etorri dira aurten Getxora

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 4a, 23:00

Aljeriako saharar errefuxiatuen kanpamenduetatik eta Ekialdeko Europatik (Errusia, Ukraina eta Bielorrusia) etorri diren 45 umeren familia getxoztarrei “udalerrian zabaltzen duten elkartasun mezua” eskertu die, gaur goizean udaletxeko batzar aretoan egindako ekitaldian, Imanol Landa alkateak. Neska-mutilak gobernuz kanpoko hainbat erakundek Getxoko Udaleko Garapen Lankidetzarako Sailaren laguntzaz antolatutako harrera programari esker heldu dira gurera, tokiko familiekin uztaila eta abuztua emateko asmoz. Hain zuzen ere, Sahararen aldeko Getxoko Atfal elkarteak 15 umeren egonaldia antolatu du -azken urteotako talderik handienarena-; Chernobil elkarteak 13 neska eta mutil ekarri ditu Getxora -iaz baino 4 gehiago- eta toki beretik beste 6 gehiago Acobi elkarteak; Kainaberak Errusiako Murmansk, Niznivarstov eta Volvogrado lurraldeetatik 7 haurren harrera ahalbideratu du eta Bikarte elkarteak umezurtz-etxe errusiarretan bizi diren 3 haur ekarri ditu eta, azkenik, Ivankiveko bat Ukraina Gaztea elkarteak. Argazkian, udaletxean gaur egindako harrera. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Haurrei ongietorria eman ondoren, “alkate bezala harro" sentitzen dela adierazi du Landa alkateak, "aurten etorri diren umeen kopurua aurreko urteotakoa baino altuagoa izateaz gain, hemendik aurrera haur horiek udalerriko seme-alabak izango direlako”. Udal agintariak erakutsitako konpromisoa eskertu die harrera familiei, “udalerri osorako elkartasun eredua direlako”. Bestalde, Fatma Ghalia saharar begiraleak mota honetako ekimenak posible egiten dituzten familien esfortzua ere eskertu du, umeen izenean.

Hiru helburu

Egitasmo hauen helburuak hiru izaten dira. Lehenengoa, haurrek oporraldiaz disfrutatu ahal izatea da; baita udalerrian dauden bitartean beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera edukitzea ere. Bigarrena, osasuna zaintzea da, askotan, osasun azterketa egitea eta tratamendua jartzea beharrezkoa izaten baita. Azkenik, Getxoko biztanleei haurrek beren jaioterrietan dituzten bizi-baldintzez ohartarazi nahi zaie, harreren helburu nagusietako bat getxoztarrek haurren errealitateari buruzko ahalik eta informazio gehien edukitzea baita
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun