Elkarrizketa eta itunentzat 18 egun dituztela aurretik, igandeko
udal hauteskundeetan (pdf) hautatutako ordezkariek hainbat erabaki hartu beharko dituzte datorren ekainaren 16an. Lehenengoa, udaletara eramango dituzten zinegotziak. Izan ere, Espainiako Alderdiaren Legeari esker, emandako botoengatik Eusko Abertzale Ekintzari dagozkion 15 hautetsi jaso dituzte Hauteskunde Batzordearen eskutik EAJk (6), PPk (5), PSE-EEk (2), EAk (1) eta Ezker Batuak (1). Ez da pentsatzekoa popularrek uko egingo diotenik Barrikan, Getxon, Gorlizen, Plentzian eta Urdulizen, lortutako plus horri. Gauza bera esan daiteke Erandio eta Leioako PSE-EEz. Jelkideen kasuan, Azkoitiako kasua alde batera utzita nekez ikusi ahal izan da horrelakorik, alderdiko buruzagitzak debekatu baitzuen jesarlekuak ezker abertzaleari ematea. Hortaz, Barrikan, Berangon, Erandion, Getxon, Gorlizen eta Leioan zaila izango da EAEko hautetsiek bere lana ofizialki egiten ikustea, gutxienez Josu Jon Imaz EBBko presidentea den bitartean. Argazkian, Josu Amezaga Getxoko EAEko hautetsia.