Asteazkenean hasiko dira eskola-umeen bisitak Bilboko metroan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 24a, 21:16

Oporren etenaldiaren ostean, urriaren 1ean, asteazkena, berriro abiatuko ditu eskola-umeentzako hitzartutako bisitak Metro Bilbao garraio enpresak, gazteenei metroaren instalazioak, teknologia eta funtzionamendua ezagutarazteko pentsatutako programaren barruan. Hasteko, dibulgazioko bideo bat ematen zaie, taldekideen adinera egokituta. Gogoratu, helduentzako bisitak ere izaten direla eta, horiei, erakundeari buruzko bideoa ematen zaie, lineak, geltokiak, bezeroen kopuruak, etorkizuneko egitasmoak eta halakoak hizpide hartuta. Eskola-umeei, berriz, horrez gain, hezitzaileagoa den informazioa ere ematen zaie, hala nola, garraioaren bilakaerari buruzko azalpenak eta jokabideko oneko eta metroa eta instalazioak ondo erabiltzeko argibideak, Metro Bilbaoko arduradunek azaldu dutenez. Gidariaren kabinan ere sartzen dira bisitariak, trena zelan gidatzen den ikusteko. Sarrikoko geltokira joaten dira, duela hamar urte trenbide alorreko arkitekturaren Brunel saria eman baitzioten. Bidaia labur hori egin baino lehen Aginte Toki Nagusian gelditzen dira, hiriko trenaren garunaren azalpenak entzun eta ikusten. Argazkian, eskola-umeak metroan / Arteagabeitia eskola.

Ateak Zabalik egitasmoaren barruan egiten diren bisitek bi ordu inguru irauten dute. Helduei eta 8 urtetik gorako umeei zuzentzen zaizkie. Taldeka egiten dira. Gutxienez 8 elkartu behar dira, helduak gehienez 15 eta haurrak gehienez 30 izango dira. Bisitak astelehenetik ostegunera egiten dira, 8:30etik 18:00etara eta ostiraletan 8:30etik 14:30era. Aurten metroa ezagutzera joan diren taldeetatik 96 Bizkaikoak ziren, 5 Araba eta Gipuzkoakoan, 9 Espainiatik etorriak eta 3 Espainiatik kanpokoak. Orotara, 2.551 pertsona hartu dituzte. 1.795 14 urtetik beherako neska-mutilak ziren, 2007an baino %68 gehiago. Bisitaren hizkuntzari dagokionez, %44 gaztelaniaz eta %56 euskaraz egin dira. Bisiten egitaraua martxan jarri zenetik, 1996ko apirilean, 29.608 bisitari hartu ditu Metro Bilbaok.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun