Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) ustez, gaurko operazioa "ezker abertzalearen aurkako zuzeneko erasoa da". Haren arabera, Frantziako Estatua arlo horretako erakundeak legez kanporatzeko pausoak ematen ari da. "Itsu-itsuan ari da errepresioaren aldeko apustua egiten, Espainiako Gobernuarekin eskuz esku". Gaur arratsaldeko mobilizazioetan parte hartzeko dei egin du AAMk. Batasunaren izenean Maite Goienetxek Infozazpi irratian adierazi du "ilegalizazio maskaratuak" muntatzen ari direla Ipar Euskal Herrian. Gatazka politikoa konpontzeko negoziazioa eta elkarrizketa aldarrikatu ditu.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren salaketa:
Gogor salatu nahi dugu gaur ipar Euskal Herrian burutzen ari den polizia operazioa ezker abertzalearen aurka zuzen zuzenean aurrera eramandako erasoa dela. Azken hilabeteetan ilegalizazio politikan hainbat urrats eman ditu frantziar estatuak, eta logika honetan soilik uler daitezke atxiloketa hauek.Frantziar gobernuak espainiar gobernuarekin batera eskuz esku errepresioaren aldeko apostu itsuan aurrera egitea erabaki du, eta horren lekuko dira azken egunetan burutu dituen atxiloketak.
Frantziar gobernua jakitun da hemen badela herri bat, badela mugimendu independentista bat. Eta independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko errepresioa, espetxeak eta ilegalizazioak erabiltzeko prest dagoela ondo erakutsi du.
Kalakako auzia lan politikoa kriminalizatzeko saiakera dela garbi gelditu da azken urtean. Mugimendu abertzalea indartzen ari den zentzu berean beronen aurkako errepresioa ere indartzen ari baita. Baina gatazka politikoak ezin direla errepresioarekin garaitu ere garbi gelditu da azken urtean.
Amnistiaren Aldeko Mugimendutik dei egiten dugu gaur arratsaldean eta datozen egunetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera.