Presoen eskubideak aldarrikatu dituzte dozenaka herritarrek Uribe Kosta eta Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 28a, 18:34

Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak zabaldutakoaren arabera, otsailean 36 lagun aldatu dituzte espetxez, gehienak destino aldaketa dela eta. Azken orduko berririk egon ezean, sei dira beste kartzela batean sartutako Uribe Kosta eta Erandioko presoak. Urtarrilaren 23an Espainiako Poliziak atxilotutako Eli Zubiaga algortarra otsailaren 2an atera zuten Soto del Realdik (Madril, Espainia), Kordobako espetxera eramateko, Getxotik 818 kilometrotara. Polizia operazio berean atzemandako Iker Rodrigo lutxanarra Ocaña II (Toledo, Espainia) kartzelara eraman zuten egun horietan, Erandiotik 479 kilometrotara. Martin Etxegarai berangoztarra eta Olga Sanz eta Txabi Moreno sopeloztarrak hilaren 6an atera zituzten Zuerako (Zaragoza, Espainia) espetxetik, lehenengoa Puerto IIra (Cadiz, Espainia) -Berangotik 995 kilometrotara- eta beste biak Picassent-era (Valentzia, Herrialde Katalanak) -Sopelatik 655 kilometrotara- eramateko. Mari Mertxe Alcocer algortarra, ordea, apurtxo bat hurbildu egin dute, Topas (Salamanca, Espainia) espetxetik -412 kilometrotara- Zuerara eramanda, Algortatik 345 kilometrotara. Bitartean, atzo, hileko azken ostiralarekin, euskal preso eta errefuxiatuen aldeko bederatzi elkarretaratze egin ziren Uribe Kosta eta Erandion. Besteak beste, 60na lagun inguru batu ziren Altzagako metro geltoki aurrean, Leioako Boulevardean eta Sopelako udaletxe aurrean; 50 herritar Itzubaltzeta / Romon; beste 22 Plentziako "Pirulin"; eta 13 Armintzako bus geltokiaren aurrean. Horretaz gain, Algortako Telletxe plazan eta Urdulizko BBVAren aurrean egon ziren kontzentrazioak. Algortan bezala -irudian-, Berangoko elkarretaratzea amaituta egin zioten harrera atzo Maribel Prietori. Argazkia: Etengabe.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun