Patxi Gaztelumendi: "euskara sarean, mugak eta kezkak"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 24a, 13:37

Oso artikulu interesgarria idatzi berri du Mikel Iturbek bere blogean. Zirriborroan zeukan uda aurretik, baina udazkena etortzearekin argitaratu du. Eta eztabaidarako ohiko galderetatik haratago doala iruditzen zait. Interneten euskararen kezka dugunok, kalean euskaltzale garenok, euskaldun moduan munduan agertu gura dugunok; Mikelek idatzitakotik haratago jo beharko genuke. Irakurri, minutu pare batez pentsatu, berriro irakurri eta ostean zirriborro batean ideia nagusiak bildu. Eta erantzun. Eta pentsatzen jarraitu. Udazken honetan ikusi dugu bai, zertan ari garen euskaldunok sarean. Pelikulak jaisten, hiztegiak sortzen, eta programa berriak euskaratzen. Euskaldun gehiago ari da modu pasiboan, noski. Aktiboan ari direnak dira gure kezka ordea. Asko gara? Zenbat gara? lau bat hiru bost zazpi? Hamaika garela sinetsita gaude eta … ez dakit ba. Argazkian, Patxi Gaztelumendi, eskuinean, Larrabetzun antolatutako BasqueCamp jardunaldian.

Internet modu aktiboan begiratuta, badago euskal komunitate bat, sortzen diharduena. Softwarea euskaratu, webguneak sortu eta elikatu. Eztabaidetan parte hartu eta bere erabiltzaile lanetan euskaldun moduan ageri dena. Blogosferaren garapenak, ikusezinak zirenak ageriago jarri ditu, eta sortutako tresnek oihartzun zabalagoa dute egun. Ez dute uste inoiz horrenbeste jendek idatzi duenik euskaraz. XXI. mendeko datu esanguratsua da hori. Euskara Interneteko hizkuntza ere badelako.

Euskara hizkuntza globala

Halan zioztan Vicent Partalek Euskal Herria 2.0 jardunaldietara etorri zenean. Horretaz konbentzitu beharra genuela. Beraiek –katalanek– hizkuntza global bezala hartua zutela beraiena, eta horrek onurak besterik ez ziela ekarri. Eta egia esan gure hizkuntzak, hedadura zabala du. Munduko hainbat bazterretan bizirik dirau, eta Interneten inoiz baino argiago ikusten ahal da hori. Euskal Herrikoak ez ezik, munduko hamaika txokotako guneetan kausituko duzu hizkuntza zahar hau. Euskalduna non, euskara han beharbada. Eta zorionez edo zorigaitzez, munduan sakabanatuak ere badira/bagara euskaldunak.

Facebook bezalako sare sozialak ikustea besterik ez dago, munduan zenbat euskaldun den ikusteko. Itzela da dagoen masa. Facebook bera euskaratuta (%100) egotea da seinaleetako bat, besteak beste.

Euskarazko bideoak edo irratsaioak nonahitik ikusi daitezke, gure herriari buruzko albisteak gure mugetatik kanpo ere arreta eta interesa pizten dute. Euskal Herria bada, hemendik at ere. Ez da gutxi. Eta gure hizkuntzari izaera hori emateak, onura ekarriko digu guri ere. Horren kontzientzia hartzea izan daiteke xedeetako bat. Horretan ahalegindu beharko dugu, blogari euskaltzaleok.

aupatu.com | zabaldu.com

Euskarazko edukiez dihardu besteak beste Mikelek bere post horretan. Edukien bikoiztasunaz galdera pausatzen du. Wikipedia ez den beste entziklopedia libre baterako lekurik badago? Zenbat gune behar dira informazio lokalerako? Eta adibide ezin egokiagoa pantailaratzen digu. Zabaldu.com-eko erabiltzaileok, beldurrez hartu genuen Eitb-k aupatu.com sortu behar zuenaren albistea. Beldurrak ordea, indarrak batzera eroan gintuen. Aldez aurretik euskaraz zegoen tresna bat ordezkatzera / baldintzatzera zetorrelakoan. Eitb talde sendoa izanik, nahiz eta Interneterako oso estrategia eskasa izan azken urteotan, pentsatzen genuen zabaldu.com ezerezean utzi zezakeela aupatu-ren sorrerak.

zabaldu.com orduan baino sendoago eta partehartzaileago ikusten dugu egun. Aupatu.com –euskarazkoa behinik behin– hutsaren hurrengoa da euskarazko Internet erabiltzaileentzat. Eta argi dago, euskarazko erabiltzaileontzat ustezko aniztasun horrek ez dakarrela aparteko onurarik.

Ezberdina da blog plataformen afera. Hiruzpalau beharrean gehiago bagenitu, hainbat hobeto. Blogari.net sortu zen lehenbizi, blogak.com gero, mundua.com, nireblog…. eta horiek guztiek euskarazko komunitatea (aktiboa zein pasiboa) hedatzea ekarri dute. Plataformen sortzaileek gerora ez diote kasu askorik egin sortutako produktuei, baina eduki mordoa sortzen da oraindik blog horietatik.

Wikipedia eredu

Euskararen mugak aztertzerakoan, Wikipedia izan daiteke ereduetako bat. Dena egiteko daukan hizkuntza bat izan da gurea. Hiztunei dena eginda emanda baino, egiteko eskaini zaizkio. Eta dena ez dakit, baina hiztun ekintzaileak ditu gure hizkuntzak. Entziklopedia librea eta Interneteko izarra den Wikipedia izan daiteke auzolan telematikoaren paradigma. Komunitate txiki batek edukiak sortzen ditu, entziklopedia eguneratzen du, programak eta script-ak prestatu, argazkiak igo, herri izendegiak arakatu… eta normalizatu barik dagoen herri zahar hau, modurik ordenatu txukun eta entziklopedikoenean aurkezten du munduaren aurrean. Zein da euskararen muga Wikipedian? Noiz amaitzen da euskal jakintza? Normalizazioak ez du etenik. Artikuluak sortu eta sortzetik, eguneratze soilerako urratsa ez dugu oraindik ezagutuko. Baina belaunaldi gazte eta prestatu hau, sekulako lana egiten ari da. Musu truk baina sekulako onespenarekin.

Ondorioztatzen

Gutxi batzuen lana, erabiltzaile aktiboen jarduna, gure menua –euskarazko edukiak– dastatzen dutenen bazka, euskarazko softwarea deskargatzen dutenen kezka, ikusgarritasuna bermatzen duten webgune interesgarrien ardura… euskara ondo pasatzeko, ikasteko, ahalegintzeko, sortzeko, erakusteko, garatzeko, edozertarako darabiltenen komunitate anitz horrek bermatuko du hizkuntza. Euskarak ez du mugarik, jartzen ez bazaizkio, bederen.

Patxi Gaztelumendi blogari larrabetzuarrak Gaztelumendi.org bere bitakoran atzo argitaratutako artikulua, Mikel Iturbe getxoztarrari erantzunez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun