Hutsik dauden etxebizitzen alokairua sustatzea proposatu du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 16a, 19:03

"Etxebizitza zure esku" lelopean, "auzotarrek eta gazteek, nagusiki, etxebizitza duina lortu ahal izateko beharrezko neurriak" aurkeztu zituen atzo Marisa Arrue Getxoko PPko hautagaiak. Besteak beste, lurzorua kudeatuz etxebizitzen salneurria merkatzea proposatzen dute popularrek, udalerriko esparru esanguratsuetan "indarrez sartu" behar izan gabe. "Hirigintza ekintza buru nahi den leku horretan auzotarrei entzun behar zaie ezinbestez", dio Arruek. Hiri Antolamendu Plan Orokorra (HAPO) garatu eta Lurzoruaren Legera moldatzeko, berriz, "berariazko bulegoa" sortzea agindu dute: "hurrengo urtetan 1.600 etxebizitza egitea ahalbidetuko du horrek, hiri guneetan gehienak", azaldu zuen Arruek. Gainontzeko beharrizanak hutsik dauden etxeak alokatuz bete daitezkeela uste dute popularrek eta, hori kudeatzeko, Getxogune izeneko bulegoa sortzea proposatzen dute. Bestalde, nagusien arazoak konpontzeko, gizarte larrialdi zerbitzua abian jartzea proposatu du gaur Getxoko PPk. Argazkian, Carlos Iturgaiz eurodiputatua, Areetan bizi eta Getxorako zerrendetan azkena, Marisa Arrue tokiko PPko alkategaia eta Carlos Olazabal Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaia, larunbatean, Areetako Eskoletako plazan egindako ekitaldian.

Gai honen inguruko beharrizan guztiak gestionatzeko Etxebizitza arloa sortu nahi du Getxoko PPk. Izan ere, azken zortzi urtetan, arazoa konpontzeko, "EAJk erakutsi duen gaitasunik eza eta utzikeriaz" kexu da Arrue. Getxo aldean 8.000 etxebizitza baino gehiago eraiki nahi izateari, berriz, "astakeria" deritzote popularrek. "Argi eta garbi esan nahi dugu udalerriko gune esanguratsu horrekin maitu nahi duen Lurralde Zati Planaren (LZP) aurka gaudela", adierazi zuen Arruek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun