Ekainaren 25etik uztailaren 13ra bitartean egingo da aurten Getxoko Udako Saskibaloi Campusa, Getxo Saskibaloi Taldeak antolatuta. Ekimena gaur aurkeztu dute sustatzaileek prentsaurrekoan, eta hauek diotenez, udako oporraldian saskibaloian jolastu nahi duten eta herriko hezkuntza zentroetan ikasten duten 6 eta 13 urte arteko neska-mutilen topalekua izan nahi du. Campusaren helburu nagusia da, hortaz, saskibaloia jokatzera bultzatu, "komunikazio hizkuntza nagusia euskara dela", aipatu dutenez. Gainera, eskualdeko saskibaloiko jokalari eta entrenatzaileen lehiakortasun maila hobetu nahi dute. Iñaki Zarraoa alkateak eta Prisco Fernandez Getxo Saskibaloi Taldeko presidenteak nabarmendu dutenez, “eskaintza aparta da udarako, batetik, gurasoen lana eta etxeko bizitza ahalbidetu nahi duelako; eta bestetik, gaztetxoek kirola eginez goza dezaten, elkarrekin bizi daitezen eta ekimenarekin pozik atera daitezen”. Argazkian, saskibaloi campusaren aurreko edizio batetako artxibo irudia / Getxo.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!