Bestalde, datorren ostiralean, maiatzak 25, Lamiako auzoko kaleetan barrena ibiliko dira, Mari, Aker, Inguma eta beste hainbat pertsonai mitologiko; San Maximo jaien barruan. 17:30etik aurrera eta gaua bitartean, magiaz beteko dituzte Leioako inguru horretako txoko guztiak. 1978tik hona, Euskal Herriko mitologiaren antzezpena egiten du urtero Lamiako Maskarada kultur elkarteak. Alde batetik, jentil mitologiaren eta kristautasunaren arteko borroka uztartzen dute. Eta bestetik, auzoari berari izena ematen dion Lamiaren istorioa.
Hiru atal
Lamiako Maskarada elkarteak azaldu duenez, hiru atal ditu ikuskizunak. Lehenengo biak arratsaldean izango dira, 17:30etik aurrera. Ordu horretan, Gaztelubide kaleko errotondatik kalejiran abiatuko dira Lamiakoko metro geltokiraino, Maiatza, erraldoiak, fanfarrea eta herriko dantza taldea; maskarada eta maiatzaren etorrera herrian zehar iragarriz. 18:00etan, berriz, Mari eta Sugaar bere senarra agertuko dira Lamiaren eskulturaren ondoan eta Udagorri dantzatuko dute bertan. Besteak beste, joan-etorria egingo dute Txopoetako garbitegiraino, bidean pertsonaia mitologikoekin dantzatuz eta gaueko akelarrerako gonbitea luzatuz. Hain zuzen ere, 22:30etik aurrera, suaren inguruan dantzatuko dute bildutako pertsonaia guztiek, Lamiakoko futbito zelaian. Akelarrean, jentil mitologiaren eta kristautasunaren arteko borroka islatzen duen antzezpena egingo dute; zeinean sua, musika eta biribilketak nagusi izango diren.
Lamiaren kondaira
Prudentzia alargunaren semea marinela zen. Urrunean itsasontziren bat ikusten zuenean, semea etorriko zen esperantzaz Ondizen zuen etxetik Abra ingurura jaisten zen. Halako batean, betiko legez, semea agertu ez eta tristuraz beteta etxerako bidean hil egin zen. Kondairak dioenez, Lamia bihurtu zen.
Urtero legez maiatzaren azkeneko ostiralean ospatuko dute maskarada Lamiakon. Hala ere, giroa pizten hazteko, aurten euskal jaia ere deitu du aurreko larunbaterako, hilak 19, Lamiako Maskarada kultur elkarteak. Horretarako, bertoko, Txopoetako eta San Bartolomeko jai batzordeak, Kraska gazte konpartsa, Kurkudi kultur elkartea, Berbalamiñe euskara taldea, Txikiak dantza taldea, Gazteak fanfarrea eta Leioako Gazte Asanblada (LGA) izango dituzte lagun, hurrenez hurren. Eguerdiko 12etan txosna zabaldu eta berehala hasiko dira ekitaldiak. Herrian zehar albokari eta txistulariek alaitutako kalejira ibili eta herri kirol eta margo tailerrak izango dituzte txikiek. 13:00etan, berriz, euskal musika tresnen eskola izango da. Bertsolariek jantzitako herri bazkarian (ticketak bertan salgai) sabelak ondo bete ostean etorriko dira dantzak (18:00), trikitxikiteoa (20:00), talde lokalen kontzertua (23:00) eta erromeria talde sorpresa (24:00). Egun guztian zehar kaleko animazioa egongo da trikitilari, txistulari eta albokariekin. Argazkian, Mari eta Sugaar dantzan Lamiako maskaradan /