Lehendabiziko aldiz, maketa lehiaketa deitu du Algortako Iñaki Deunaren Jai Batzordeak. Antolatzaileek adierazi dutenez, zigilu diskografiko batekin kaleratutako lanik edo diskoetxeren batekin kontraturik ez duten taldeek parte hartu ahal izango dute horretan. "Hori bai, getxoztarrez osatua egon beharko da talde bakoitzaren erdia (%50)", zehaztu dute. Irabazleek uztailaren 27tik 31era ospatuko diren San Inaziotan joko dute, Txiki-Otaegi plazan, oraindik erabakitzeke dagoen egunean. Baliteke talde ezagunen batekin izatea. Bidalitako maketen artean aukeraketa egingo du jai batzordeak. Ekainaren 5era arte, ordu batetan, izango dute taldeek euren lanak entregatzeko aukera, Algortako kultur etxean (Villamonte A8). Hortik aurrera, ondorengo egunetan emango du aukeratutako taldeen berri jai batzordeak eta, horiek, finala izango dute ekainaren 9an, Getxoko Txorimalo gaztetxean. Dena den, data horiek aldatzea jai batzordearen esku dago.
Ekainaren 9an bertan egingo dute zozketa (musikariak aurrean direla) talde bakoitzak zein ordenetan joko duen zehazteko. Jai batzordeak musikarien esku jarriko du beharrezko soinu ekipo osoa. Hala ere, musikariek ezin izango dute lehiaketan parte hartzen duten bi talde baino gehiagotan egon, aldi berean, antolatzaileek aipatu dutenez. Bestalde, jotzen dituzten abestien egileak eurak direla eta horien gaineko eskubideak dituztela ziurtatu beharko dute musikariek, "hirugarren batek jai batzordeari egin diezaioken erreklamazioa ekidin aldera". Abestiak hainbat hedabideetan erreproduzitzeko aukera edukiko du jai batzordeak.
Maketak ematea
Musika taldeek ekainaren 5era arte, ordu batetan, izango dute maketa Algortako kultur etxean (Villamonte A8) entregatzeko aukera. CD formatuan izan beharko da, hiru abestirekin gutxienez. Horrekin batera, taldearen historia laburra, helbidea eta kontaktatzeko modua (e-posta, telefono zenbakia) eta taldekideen izen-abizen eta jaiotze daten fitxa eman beharko dute. Aipatu oinarriak onartu beharko dituzte lehiaketara aurkezten diren taldeek, baita irabazle suertatzekotan, lehen aipaturikoak betetzen dituztela ziurtatzen duten agiriak emateko konpromisoa hartu ere. Zalantzak argitzeko aixerrota@mundurat.net e-posta helbidea jarri du jai batzordeak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.