Aurten ere liburuak badaude Getxo udalerriko tabernetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 18a, 21:58

Dagoeneko abian da Irakurri 2007 kanpaina. Ekimena Eusko Jaurlaritzaren Liburu eta Liburutegi Zerbitzuak bultzatuta dago eta irakurtzea sustatzea du helburu nagusi, kultur iturri getxoztarrek azaldutakoaren arabera. Kanpaina honetan liburu-erakustokiak banatu dira udalerriko zenbait establezimendutan. Getxoko liburutegiek bigarren urtez jarraian parte hartzen dute ekimen honetan eta ehun liburu baino gehiago banatu dituzte. Oraingo honetan, erakustokiak bost establezimendutan kokatu dira: lau taberna eta mintzategi bat. Iaz 15 egun iraun zuen ekimenak eta publikoak harrera ona egin zion. Hori dela eta, aurten ez du iraupen zehatza izango eta emaitzak zeintzuk diren luzatuko da. Argazkian, bi lagun liburuak begiratzen tabernetako batean.

Aurten parte hartzen duen establezimendu bakoitzak erakustoki bat eta 22 liburu jaso ditu, bai haurrentzat, bai helduentzat, euskaraz eta gaztelaniaz. Liburu horiek guztiek udal liburutegietan jasotako dohaintza guztien artean hautatu dira eta barnean eranskailu bat dute. Bertan Irakurri kanpainaren zehaztasunak azaltzen dira eta udal liburutegien txartela egitera bultzatzen ditu erabiltzaileak. Ekimen hori dela eta banatutako liburuak lekuan bertan irakur daitezke edo maileguz eraman daitezke etxera. Irakurri eta gero, jatorrizko erakustokira edota edozein liburutegitara itzul daitezke.

Helburu bikoitza

Ekimen honek bi helburu nagusi ditu: batetik, irakurtzea bultzatzea publiko mota anitzeko establezimenduetan eta, bestetik, doako irakurtze publikoa sustatzea eta udal liburutegien zerbitzuaren berri ematea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun