Getxo Rugbyk eutsi egin dio ohorezko mailari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 21a, 19:45

Uste guztien aurka, Getxo Artea Rugbyk irabazi egin dio CRC Madrid Noroeste taldeari (29-40) Pozuelon, mailari eustea lortu duelarik. Espainiako rugby maila gorenean jarraitzeko lehian zegoen beste taldeak, Liceo Frances-ek, gutxi egin ahal izan du mailari eusteko, getxoztarren emaitzaren menpekoak baitziren euren itxaropen guztiak. Emaitza horrekin, Pozueloko Valle de las Cañas zelaian irabazi duen kanpoko talde bakarra izan da Getxo Artea, ordurarte ligako txapeldunorde geratu den CRC Madrid Noroestek etxeko partidu guztiak irabazi baitzituen. Argazkian, getxoztarrak erasoan / Jokin - Getxorugby.

Talde getxoztarrak argi izan du zer zegoen jokoan eta lehen minututik atera da zelaira irabaztera, atsedenaldira markagailua Getxo Artearen aldeko 10-18arekin heldu direla. Bigarren zatian, etxeko taldeak aurrea hartu eta hiru entsegu segituan eginda buelta eman dio emaitzari eta partidua bukatzeko hogei minuturen faltan 29-18ra zegoen markagailua.

Dena galdua zegoela zirudienean, Getxo Artea berriro berpiztu eta hiru entsegu egin ditu, markagailua berriro ere bere alde jarriz eta behin betiko 29-40ra heldu arte.

Gauzak honela, datorren urtean ere hiru izango dira Ohorezko mailan egongo diren euskal taldeak: Spyro Bera-Bera, Kitmar Ordizia eta Getxo Artea, Hernani RT-k ez baitu lortu maila gorenerako ligaxkan lehen bi postuetan geratzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun