Kazeta bi ataletan dago banatuta: Iritzia eta Harrabots bera. Azken honetan zenbait atal finko agertuko dira: ‘Apezak pulpitutik’, istoriotxo bat gai bati buruz; ‘Fakultatetik’, unibertsitateari buruzko gaiak; ‘Ezagut’, euskal kultura munduko pertsona edo talde bat ezagutzeko parada emango duena; komiki bat eta ‘Euskaldun jaio nintzen’ euskararen inguruko hausnarketak. Egitura horrekin bi Harrabots kaleratuko dira, bata Bizkaian eta bestea Gipuzkoan, koordinaturik egongo diren bi taldek egingo dituztenak. Hamar bat ikaslek osatzen dute momentuz talde bakoitza, baina gaurko ekitaldian adierazi duten moduan, interesik duten ikasle guztiek parte hartu ahal izango duten ekimenean eta espero dute Araban ere talde bat osatu ahal izatea campus horretako alea egin ahal izateko. Uda baino lehen beste bi zenbaki kaleratuko dira eta udako oporren etenaldia eta gero irailean itzuliko dira.
Aurreko esperientzia euskaldunak
Egun, Euskal Herri osoko unibertsitate eskoletan eta fakultateetan banatzen den euskarazko aldizkari bakarra "Matraka" da, "Berria"ren gazte gehigarria. Aurretik, 1996 eta 2000 artean, "7baietz! unibertsitarion aldizkaria" izan zen. EHUko segurtasun zerbitzuaz arduratzen zen Protecsa enpresari buruzko hainbat erreportaje kaleratu ostean, Pello Salabururen errektoretza taldeak agindutako dirulaguntzak kendu zizkion. Era berean, Interneten bidez oraindik zabaltzen den Mediaberriri domeinua kendu zion Manu Montero errektoreak, Leioako campuseko irakasle kaleratuei elkarrizketa egiteagatik.