Larunbat eguerdian Getxoko Malakate plazan egin zuen hauteskunde ekitaldia Eusko Abertzale Ekintzak. Josu Amezaga eta Christian Reinicke hautagaiak izan ziren hizlari. Josu Landeta bertsolari getxoztarrak ere birritan abestuz parte hartu zuen. Ekitaldiaren hasieran Christian Reinickek herri programaren atal eta proposamen nagusiak aipatu zituen. Talde lanari esker sortutako programa, "Getxoren alde udaletxean eta herrian lan egiteko tresna" gisa aurkeztu zuen. "Ilegalizazioak udaletxean egin beharreko lana mugatuko badu ere, EAEk bertan presentzia izango duela eta udal kudeaketaren jarraipen zehatza egingo duela hitz eman eta herrian herritar eta jendarte mugimenduekin lan egiteko garrantzia" nabarmendu zuen Reinickek. Lurralde Zatikako Plana kritikatu eta beste lurralde antolaketa politika bat aldarrikatu zuenean, EAEri babesa emanez herritar talde bat, tartean Andra Mari Auzo Elkarteko kideak izan zirelarik, hizlariari hurbildu zitzaizkion, Getxo Biziak nabermendu duenez.
Boto baliagarria
Josu Amezaga Getxorako zerrendaburuak Eusko Abertzale Ekintza bozkatzearen balioaz hitz egin zuen. Ezker Batua-Berdeak "ustez ezkerreko eta ekologistak" azken lau urtetan Getxoko Udalean egin duten "eskumako eta naturaren kontrako politika" azpimarratuz, "aulki baten truke horrelakoak egiten dituztenei boto ematea alperrikakoa" dela aipatu zuen. Bestalde, Euskal Herrian bake eta normalizazio prozesuak aurrera egin dezan EAE "ezinbesteko aukera" dela adierazi zuen Amezagak: "batzuk baliogabe deitzen duten boto papera hain da baliotsua, hauteskunde geletatik kendu egingo dutela eta norberak bilatu behar izango duela, 27an eskuan hautestontzira eraman eta sartzeko", nabarmendu zuen.