Getxo Antzoki berria 2011rako egon liteke

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 23a, 22:28

Altzairua eta egurra izango dira Getxo Antzoki berriaren material nagusiak. Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du aste honetan eraikitze-aurreproiektua eta gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu dute Guzman Aranaga Kultur zinegotziak eta Luis Mª Uriarte arkitektoen taldeko kideak. Aurkeztutako bost aurreproiektuen artean hautatutakoaren arabera, antzokiak gutxienez 892 lagunentzako tokia edukiko du, baita gorantz doan halla ere. Hortik, gainera, Abra ikusi ahal izango da. Hall horretatik jarlekuen gunera eta goiko anfiteatrora heltzeko modua izango da eta gainera erakustaretoa, kafetegia eta gainontzeko zerbitzuak ere izango dira. “Aurreproiektuan bolumenek oso ondo ematen dute espazioarekin eta eraikitzea zail samarra den toki horretatik Abra ikusi ahal izatea lortuko da”, adierazi du Aranagak. Eraikin berria 2011ko lehenengo hilabeteotan martxan hastea espero dute udal agintariek. 7.000 metro koadrokoa izango da eta horretarako 22 milioi euroko zenbatekoa zuzenduko dute. Argazkian, udal agintariak eta arkitektoak Getxo Antzoki berriaren maketa alboan / Getxo.net.

Erdi sotoan musika eskolako auditorioa egongo da eta 206 lagunentzako tokia edukiko du horrek; baita 238 lagunentzako entsegu gelak eta 255 lagunentzako zine-aretoa ere. Erakusketa gela eta erabilera anitzeko areto txiki batzuk ere egongo dira. "Orokorrean, erabilera egokitasun handia edukiko du eta konbinaketa ugari egin ahal izango dira", azaldu dute. Horrela, musika eskolako auditorioa bera soilik erabili ahal izango da edo behar izatekotan gainontzekoekin batera; entsegu gelak batu ahal izango dira eta areto osagarria zine areto bezala edo beste ekiltaldi batzuk egiteko erabili ahal izango da. Erakusketa gelak bi altuera edukiko ditu eta kaletik edo barruko hall nagusitik sartu ahal izango da. Horien ondoan erabilera anitzeko gelak izango dira.

San Nikolas plaza

Luis Mª Uriarte, egitasmoko arkitektoetako batek esan du “eraikitzeko materialak altzairua eta egurra izango dira, itsasontzien eta merkataritza ontzien ohiturei lotuta. Auditorioaren kanpokoa altzairu herdoilezinezkoa izango da, beltza mate urdinxka itsasontziak bezala, egurrezkoa eta beirazkoa eta barrukoa zedro egurrezkoa izango da (tabako iluneko koloreko eserlekurekin)”. Musika eskolako auditorioa eskema berberekoa izango da eta erdi sotoan sarrera harri zurizkoa izango da, kalekoa bezalakoa. Aurreproiektuaren arabera, San Nikolas plazak eta egungo Getxo Antzokiak bat egingo dute amankomuneko zoladuraren bitartez eta zabalera irudipena eskainiko du. Elizarako sarrera ere zaharberrituko dute eta oztopo arkitektonikoak kenduko dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun