Deustuko unibertsitateko kideek zein La Casillako peritoek esku-orriak banatu zituzten ikasle eta irakasleen artean goizean goizetik, egunean zehar zenbait panel komunikatibo, kartel eta pankarta jarri dituztelarik.
Presoen Aldeko Taldeek (PAT) zabaldutako oharra:
Hau ez da demokrazia! Ikastea eskubidea delako, ikasle presoak klasera!
Estatu espainolean espetxeratuta dauden preso politikoek ikasteko eskubidea urratuta dute. 2003an PP eta bere esku dauden indarrek (komunikabideak, hainbat eragile...) aurrera eramandako intoxikazio kanpaina baten ondorioz UPV eta Espetxe Erakundeen arteko hitzarmena apurtu egin zen.
Urte hauetan zehar, nahiz eta UPV ikasle presoei eskaintza egiteko prest egon, EAEko Legebiltzarraren Hezkuntza Batzordea eta Hezkuntza Sailak eskubide hau onartu... UPVk ez du lortu Madrilgo espetxe zuzendaritzaren baimena espetxeetan ikasketak eskaini ahal izateko. Argi geratu da hemengo erakundeen ezintasuna ikasteko eskubidea bermatua egon dadin.
Euskal Preso Politikoei ikasketak burutzeko geratzen zaien aukera bakarra UNEDen bitartez ikastea da, honek dakarren guztiarekin: euskaraz ikasteko ezintasuna, hainbat karrera burutzeko debekua, eskaintza murritza...
Estatu espainolak ez du nahikoa presoak urrundu edo isolatzearekin, ikasteko eskubidea bezain oinarrizkoa den eskubide bat ere ukatzen diete gainera. Oinarrizko eskubide hau eta beste hainbat sistematikoki urratzen dituen estatu bati ezin dei diezaiokegu estatu demokratikoa. Euskal herritarrok gure eskubideak bermatuak izango diren marko demokratiko bat behar dugu!
Ikasle presoak klasera! Estatus politikoa orain!