"PNV espainiola" oihukatuz, ilegalizazioa kudeatzearen ardura egotzi diote EAJri hogei bat lagunek, jelkideek 19:30ean Algortako Telletxe plazan deitutako hauteskunde ekitaldian. Bertan ziren, besteak beste, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusigaia eta
Imanol Landa Getxorako alkategaia. UKBERRI.NETek jasotako deiaren arabera, ertzainak borraz oldartu zaizkie protestan zeudenei, azken hauek ondoko kaleetan barrena sakabanatu diren arte. Alabaina, albistegi digital euskalduneko kazetariak bertara hurbildu direnerako liskarrik ez zen sumatzen; kale kantoiak polizia agente ugariz zainduta egon dira ordea. Gertatutakoaren berri galdetzera joan direnean, berriz, bidea moztu diete ertzainek eta EAJko segurtasun arduradunek. Gainera, biek ala biek pasa den hilaren 12an Areetan egindako
zentsura justifikatu eta jarraitzeko asmoa adierazi dute, batetik UKBERRI.NET bestelako hedabidea, "ezberdina", dela aipatuz eta; bestetik, debekua "komunikabideari ez, baizik eta kazetarietako bati" jarri diotela adieraziz. Dena den, hedabideko beste erreportari batek ere ezin izan du bere lana egin. Argazkian, ertzainak bidea oztopatzen.