Leioako jaiak "kolokan" ez jartzeko "txosnak herrian" izatea exijitu dio Udalari Maritxu Teilagorrik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 24a, 18:28

Leioako Maritxu Teilagorri jai herrikoien aldeko elkarguneak hiru urte daramatza jai herrikoi eta partehartzaileen alde lanean eta txosnagunea antolatzen, aurreko txosna batzordearen lekukoa hartu zuenetik (argazkian). Alabaina, urtero bezala, Leioako Udalak sortutako oztopoekin topatu da aurten ere Maritxu Teilagorri: aurreko urteetan txosnak kokatzeko erabilitako lurretan eraikinak egin dituztenez horiek ezin izango dira erabili. Arazoa aurreikusiz, abenduan txosnak kokatzeko bost proposamen egin zizkion Maritxu Teilagorrik Udalari, hitzez zein udal erregistroan sartuz, txosnak herrian egon zitezen. Bost hilabete inolako erantzunik eman gabe pasa ondoren eta, aurpegira onartu digutenez, gure proposamenak irakurri gabe, udal ordezkariek aurreratu berri dute beraien asmoa zein den: txosnak herritik oraindik urrunago eramatea, jaiak ondoko herrian ospatzeko bidean jarriz. Gainera, “por cojones” inposatu nahi duten skate parkea, ixterik ez dagoen errepide nagusiaren ondoan kokatuta egoteaz gain, jaigune bat ala bestearen artean hautua egiten behartzen du jendea. Baina asmoa ez da hor gelditzen: aurreratu dutenez epe ertainean txosnak ez ezik, tabernetako barrak ere eraman nahi dituzte horra, jaiak guztiz herritik ateratzeko.

Horren aurrean, Maritxu Teilagorrik argi eta garbi esan beharra dauka ez duela onartuko jaietako beste gune bat herritik ateratzea jaiak herrian izan behar dutelako eta gure herriak jai gune oso bat behar duelako. Ildo horretatik, Maritxu Teilagorrik herriko jaiak kolokan daudela ulertzen du eta arazoa konpondu dadin, orain arte egindako proposamenak berriz ere gogoratu eta beste leku batzuen iradokizunak egin dizkio Udalari, kontuan har daitezen.

Txosnagunea, eta etorkizunean agian tabernetako barrak ere, erbesteratuz eta leku arriskutsu batean jarriz, herriko jaiak kolokan daudela ulertzen dugu, are gehiago Leioak adin eta gustu guztientzako inoiz baino jai erakargarriagoak eskaini beharko lituzkeenean, besteak beste, txekez jositako BBK Live Festival izenekoaren konpetentziak leioaztar eta bisitari asko eramango baititu, aipatu jaialdiak San Juan jaien egunekin bete betean egingo baitu topo.

Maritxu Teilagorriren ustez, Udalak diseinatutako estrategia (jai egitarauaren kaltean aurreko asteburuan makrokontzertuak egitea eta txosnak eta barrak, alde batetik, eta tabernak, bestetik, banatzea) okerra da eta Leioako Sanjuanak bultzatu beharrean, jende gutxiago parte hartzeko eta erakartzeko balio izango du.

Hartara, ahalik eta lasterren erantzuna eman dezan exijitzen diogu Udalari, egindako proposamenak kontuan hartuko dituen akordio batera heltzeko, Leioako jaietan txosnek herrian egon behar dutelako.

Maritxu Teilagorri jai herrikoien aldeko elkargunea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun