Atzo eguerdian Deustuko unibertsitatean egindako ekitaldi politikoarekin eman zitzaion bukaera
Presoen Aldeko Taldeek (PAT) Bizkaiko zenbait fakultate eta eskola unibertsitariotan astelehenean martxan jarritako Amnistiaren Aldeko Asteari. Lehen bi egunetan "Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren ondorio diren errepresio politikoa eta ikasle presoen egoera" salatu baziren, azken egun horretan, arazo hauek eta gatazka politikoa bera konpon daitezen "amnistiaren beharra" aldarrikatu zen, PATek adierazitakoaren arabera. Egunean zehar, ekintza eta jarduera desberdinak izan ziren fakultateetan. Horrela, San Mameseko Ingeniaritza Goi Eskolan hauteskunde demokratikoak aldarrikatzen zituen pankarta erraldoia eskegi zuten sarreran; bitartean, La Casillako peritoek EAJren jarrera salatu zuten Errekaldeko batzokiaren aurrean. Gero, kontzentrazioak egin ziren 11:00etan bi eskola unibertsitarioetan. Erandio eta Leioako campusean, berriz, "30 urte eta gero, orain hitza eta erabakia Euskal Herriarentzat!" hitzaldia eman zuten Alaitz Bidaurrazaga eta Asier Virumbrales Askatasuneko kideek 30 bat ikasle bertaratu zirelarik. Argazkian, Deustuan egin zuten elkarretaratzea / PAT.