Ikasteko eskubidea "zanpatua" dutela diote presoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 24a, 18:40

Hitz gutxi batzuekin saiatuko naiz ikasketek espetxean duten garrantzia azaltzen eta egun zein den kolektiboko kideok honen inguruan jasaten dugun egoera. Espetxea beste edozeren gainetik distantzia, arroztasuna, urruntasuna eta gizagabetasuna da, gure ingurunearekiko loturak apurtu eta pertsona eta militante gisa suntsitu beste helbururik ez duena, duintasuna lapurtu eta sufrimenduaren bitartez asimilazio pertsonal zein kolektiboa bilatuz. Guzti honi aurre egiteko duintasun kolektiboa eta borrokarekiko estutasuna mantentzea da preso politiko ororen errezeta zutik irauteko, baina horren atzean, horren sakontasunean, bada ere pertsona moduan mantendu eta hazteko borroka eta beharra, egunerokoan espetxeko errealitate gordinari ekiteko bizimodu pertsonala. Argazkian, ikasle presoak klasera bueltatzeko eskatzeko protesta Leioako campusean / PAT.

Eta nire kasuan, beste askorenean bezala, ikasketek garantia handia dute zentzu honetan, pertsona gisa birrindu asmo gaituen testuinguru honetan bakoitzaren behar eta jakin minaren arabera barnetik hazten joateko, eta, era berean, kanpoko bizitza horretan garatuz doan errealitate politiko eta sozialarekiko gertutasuna sentitzeko modua da, lotura hausten ez uzteko bitarteko bat izanik.

Eta etsaia, nola ez, guzti honetaz jabetuta lau bat urte dira eraso berria luzatu ziola kolektiboari, beste askoren artean gure Euskal Herriarekiko zubi-lan horretan haustura berria ezarriz, ikasketak gauzatzeko modu bakarra UNEDen bitartez finkatuz. Ezin ukatu honen atzean erabaki politiko sendoa dagoela, izan ere ez dira nolanahikoak honen bidez zanpatuak zaizkigun eskubideak.

Maila pertsonalean lehen aipatutako faktoreen hein handi bateko urraketa dago, jatorrizkoa zaigun errealitate soziopolitikoa, nazionala, inondik inora aintzat hartzen ez duen ikasketa modua inposatzen baitzaigu; ditxosozko harrotasuna berriz ere.

Euskara ukatua

Bestetik, euskaraz ikasteko eskubidea bortizki zanpatua zaigu; euskara gure territorio libre bakarra inon baino gehiago erbesteratuta izanik euskaldun gisako eskubide urratua are bortitzago bilakatzen da hemen.

Eta azkenik, badira ikasketak modu ofizial bakar honek dauzkan oztopo eta traba gehituak, ikasteko metodoa eta baldintzak alegia. Burokraziaren unibertso honetan prozesu motela da ikasketena ere: matrikulazioa dela, materiala dela beti iraungitzear eta espetxe bakoitzeko arduradunen borondatearen menpe (hutsaren hurrena normalean).

Honekin batera, metodo zinez hotz batera, birtualegi batera daude behartuta, izan ere irakasle edo klase kideekin inolako kontakturik ez harremanik izateko aukerarik ez dago: zu eta liburua, liburua eta zu, besterik ez.

Hauxe, beraz, egoera honen erradiografia azalekoa, nahikoa arazoaren tamainaz jabetu gaitezen, izan ere duintasunez eta euskaraz ikasteko eskubidearen urraketa da EPPK suntsitzeko asmoz abiatutako sarraski-politikaren oinarri bat.

Besterik gabe, jaso ezazue besarkada estu bana eta eutsi borrokari!!

Jo ta ke, irabazi arte!

Maiatzaren 19an Burgosen, Arkaitz Martinez de Albeniz (Ikasle presoa)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun