Sorne Unzueta 'Utarsus' idazlearen kalea inauguratu dute Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 24a, 19:17

1968tik 104 urterekin hil arte Getxon bizi izan zen Sorne Unzueta, “Utarsus” (argazkian), idazle euskalduna eta irakaslea omendu du gaur goizean Getxoko Udalak, Sorne Unzueta kale berria inauguratuz. Ekitaldian, “Utarsus”en senideak izan dira Iñaki Zarraoa alkatearekin eta oso harro agertu dira “udalerriko kale batek idazle horren izena eramateagatik. Erbestean bizi izan zen eta Getxorekin lotura berezia izan zuen eta batez ere hezkuntza, euskara, literatura eta arteren alorretan lan handia” egin zuela gogoratu dute ekitaldian. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako auzoko eskoletan euskara irakaslea izan zen eta Emakume Abertzale Batzan eta beste mugimendu askotan ere parte hartu zuen. 1931n hasi zen euskaraz idazten, poeta bezala nabarmendu zen baina ipuin eta artikulu ugari ere idatzi zituen. 1937tik 1953ra erbestean izan zen, Eusko Jaurlaritza eta Frantziako erresistentziarekin lanean. Gaur ere, beste bi kale inauguratu ditu Getxoko Udalak: Karidadeko Jesusen Agindupeko Kongregazioaren sortzailea izan zen Maria Josefa del Corazon de Jesus Sancho de Guerrari eta Bir Ganduz Saharako herriari jarritakoak. Errotulu guztiak euskara hutsez jarri dituzte, 2002tik aurrera udalerriko euskara planek zehaztu bezala.

Udal agintariek hiru oroitzapenezko plaka jarri dituzte, gaur goizean, Getxoko hainbat lekutan. Lehena, Karidadeko Jesusen Agindupeko Kongregazioaren sortzailea izan zen Maria Josefa del Corazon de Jesus Sancho de Guerra arabatarraren omenez izan da. El Carmen eta Zubialde artean dagoen Zumardia kalean jarri dute hori, Neguriko El Carmen elizaren ondoan. Portuko ibilbidearen kalean Karidadeko Jesusen Agindupeko Kongregazioaren komentua dago eta, horregatik, udal agintariek lekua aproposatzat jo dute Josefa del Corazon de Jesus, 1992ko irailaren 27an Juan Pablo II-ak beatifikatu zuelako eta 2000ko urriaren 1ean kanonizatua izan zelako. Behartsuei laguntzeko erabili zuen bere bizitza emakume horrek, hau da, pertsona zaharrak, umeak eta kale gorrian zeuden lagunak lagundu zituen, eta bere lana mundu osora zabaldu zen. Soledad Garcia Ruizek, komentuko ama arduradunak Udalak egindako onarpena eskertu egin du eta Santaren bizitza gogoratu du, besteak beste, Tolosan Europako lehenengo haurtzaindegia martxan jarri zuena.

“Utarsus”

Bigarren plaka Getxoko egoitza multzo berri bateko kale txiki batean jarri dute, hain zuzen ere, Benantzioko gurutzebidean, Sarrikobaso, Bidezabal eta Maidagan kaleen artean eta Sorne Unzueta, “Utarsus”, idazlearentzako omenaldia izan nahi du.

Sahara zati bat Getxon

Hirugarren plakak Bir Ganduz izena du, duela urte batzuez geroztik Getxo udalerriarekin anaituta dagoen dairaren (herriaren) izena eta eraiki berri diren etxeen multzoan ere jarri dute. Ekitaldian Mohamed Mamun A.Brahim, Fronte Polisarioko Euskadiko ordezkaria eta Maite Fernandez, Atfal Sahararen aldeko Getxoko elkarteko idazkaria izan dira. Getxoko Alkateak eta Polisarioko ordezkariak azpimarratu dute “Getxoko Udala eta Sahararen artean dagoen harreman estua, Udalak egitasmo batzuk laguntzeaz gain orain kale bati Bir Ganduz izena ipini baitio, herri horrekin harreman estua eta hurbila baitu Getxo herriak”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun