Zergak eta tasak KPI baino gehiago ez igotzeko konpromisoa hartu du Arruek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 24a, 20:23

Marisa Arrue Getxoko PPkren alkategaiak "hiritarrek pairatzen duten presio fiskala" ez handitzeko konpromisoa hartu zuen atzo, Bizkaiko Zubian egindako ekitaldian. Horrekin batera, "finantza kudeaketaren eraginkortasuna, zehaztasuna eta gardentasuna" hobetuko duela esan zuen Arruek. Horretarako, egun dagoen "benetako finantza egoera" ezagutzeko asmoa, udal kontratuetan gardentasuna ezartzea, Udalak bestelako administrazioekin dituen elkarlana sustatzea eta Udalaren menpe dauden erakunde autonomoen autofinantzazio kopurua handitzea proposatu zituen. Neurriei dagokionez, sei dira popularrek atzo zehaztu zituztenak: aurrekontuak "saldo zero" sistemaren arabera garatzea, sarreren atalean errealistak diren aurreikuspenak eginez; zergak Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) baino gehiago ez igotzea, zarama tasen %86ko igoera bezalakoei muzin eginez; iruzurra fiskalaren aurkako borroka; tasa eta prezio publikoetan irizpide berberak erabiltzea; proiektu eta jarduerentzako finantzabide berriak bilatzea, batez ere, Europako Batasunetik datozen funtsak eskuratzeari dagokionez; eta, azkenik, lehenestea beste administrazioek lagunduko dituzten inbertsioak. Bide batez, popularrek ekitaldia baliatu zuten EAJren kudeaketa kritikatzeko. Beraien ustez, Zarraoa alkateak eta Landa alkategaiak egindako kudeaketan "eguneko gastuak eramateko ezintasuna" eta "aurrekontuen egiaztapen eza" izan dira nagusi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun