Duela 30 urte, amnistia gehiengo zabalaren eskakizuna bazen ere, milaka eta milaka herritarren nahia era askotan adierazia izan bazen ere, bizkarra eman zitzaien herritarren borondate eta eskubideei. Itxurazko aldaketek, zanpaketa iraunarazteko tresneria mantentzen zuten oinarrian eta demokrazia ez zen iritsi Euskal Herrira. Gaur arte, demokraziarik gabe jarraitu dugu horrela beste 30 urtez. Arduragabekeria horrek, belaunaldi berriak gatazkan bizitzera behartu ditu eta gaur arte 30 urte dituzten gazteek konfrontaziorik bortitzenak eta eskubide urraketa basatienak ezagutu dituzte.
Amnistiaren Legea?
Amnistiaren Legea izendatu zuten horrek ez zuen zerikusirik Euskal Herriak gehiengoz aldarrikatzen zuenarekin eta irtenbide pertsonalen itzalpean ezkutatu nahi izan zuten Amnistiak biltzen duen zentzua: errepresaliatuak izan ez daitezen, arazo politikoari eman beharreko soluzioa. Aurten, 30 urte pasa dira, maiatzaren 8tik 15era Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan milaka herritar asanblada eta manifestazioetan kalera atera zituen amnistia aste haiez geroztik. Urte urren honetan, aste horietan tiroka hil zituzten zazpi manifestariak gogora ekarri nahi ditugu. Baita azken 30 urteotan errepresio politikoaren bidez hil dituzten euskaldun guztiak ere, zapalketaren injustiziari borroka egiten ari zirela hil diren euskal militanteak ere. Gaurko eta orduko egoerak antzekotasun gehiegi dute eta horixe da demokraziaren gezurra ageriko egiten duena.
Hauteskunde antidemokratikoak
Demokraziarekin zerikusirik ez duten hauteskunde batzuen erdian aurkitzen gara, orduantxe bezalaxe. Duela aste batzuk hamar euskal herritarren kontra izandako tortura basatiek, kartzeletan euskaldunen kontra espresuki eraikitako salbuespeneko neurriek, Ertzaintzak otsailean Amnistia eta Autodeterminazioaren aldeko manifestariak era krudelenean jipoitu izanak eta ehunka lagunek independentista izate hutsagatik jasaten duten pertsekuzio polizialak, 30 urte luzeetan errepresio politikoak forma ugari eta hamaika tresneria nahiz salbuespen lege berri izanik ere, helburu berdinekin erabilia dela frogatzen dute: gutxiengo demokratikoen aldeko indarra neutralizatzea, arazo politikoen soluzioei ate guztiak itxi eta soluzio polizialen bidez arazoarekin betirako amaitzeko helburua hain zuzen. Euskal Herrian gutxiengo demokratikoen alde indar eta adostasunak biltzeko ahalegin guztien kontra, EAJ Madrilera joan eta bere interesak hitzartu zituen Suarezekin. Imaz eta Urkulluren adierazpen eta jokabideak, era ezin argiagoan ekartzen digu gura gogora.
Euskal Herritarren borondatearen kontra inposatutako konstituzioa nahiz Euskal Herria zatiturik mantentzen duen markoak, azken 30 urteetan egonkortu ezin izan duten gezurrezko demokraziaren ezintasuna dira gaur.
Izan ere, antzekotasun egoerak badiren bezala, ezberdintasuna sinplea bezain indartsua da: ez delako sustengarria gaur, gatazka beste hainbat urte luzetan iraunarazteko errezetak errepikatzeko jarrera politikoak mantentzea, ez eta bere helburuak bete ezinik, porrotera behin eta berriro eramanak izan diren errepresio estrategiekin segitzea ere.
Ezezkorik ez
Euskal Herriak ezin du onartu, gatazka konpondu ahal izateko gutxiengo demokratikoei PSOE eta EAJk ezetz esaten jarraitzea. Herri borondatea bideratzea, zatitua izan den lurraldea batzeko aukerak irekitzea, proiektu guztiak defendagarriak eta bideragarriak izan daitezen marko demokratiko berri bat osatzea eta funtsean, eskubide guztiak bilduko dituen esparru berri bat sortzea.
Ezin du herri honek onartu gatazka konpontzeko elkarrizketa eta bideei ateak ixtea aitzakia sostengaezinen eta gatazka konpontzen ez duten eztabaida faltsuen artean.
Ezin du herri honek onartu, arduragabekeria horiek ezkutatzen jarraitzeko nahiz konponbidearen aldeko indarrak ahuldu eta isiltzen jarraitzeko errepresio politikoak erabiltzen jarraitzea. Bide politikoak ixtea, herri borondatea kolpatzea, euskaldunak torturatzen eta kartzeletan hiltzen jarraitzea, manifestazioak debekatu eta herritarrak jipoitzea! Zertarako? Soluzio politikoei ateak ixteko? Arduragabekeriak ezkutatzeko? Biolentzia sortu, konfrontazioa elikatu eta gero Ezker Abertzaleari ardurak leporatzeko? Herritarren artean etsipena zabaltzeko? Negoziazioetan parekoa ahuldua izanik beren interesak inposatzeko?
Amnistiak gaur zentzu eta balio saihestezina duela ulertzen dugu honenbestez. Gatazka iraunarazten duten arazoei soluzio politikoak ematearekin batera, gatazkak eragin dituen ondorioak gainditzea ahalbidetzen duelako. Irtenbide benetako eta oso baten zentzua biltzen du amnistiak.
Presoen Aldeko Taldeak (PAT)