Lamiako Maskarada elkarteak azaldu duenez, hiru atal ditu ikuskizunak. Lehenengo biak arratsaldean izango dira, 17:30etik aurrera. Ordu horretan, Gaztelubide kaleko errotondatik kalejiran abiatuko dira Lamiakoko metro geltokiraino, Maiatza, erraldoiak, fanfarrea eta herriko dantza taldea; maskarada eta maiatzaren etorrera herrian zehar iragarriz. 18:00etan, berriz, Mari eta Sugaar bere senarra agertuko dira Lamiaren eskulturaren ondoan eta Udagorri dantzatuko dute bertan. Besteak beste, joan-etorria egingo dute Txopoetako garbitegiraino, bidean pertsonaia mitologikoekin dantzatuz eta gaueko akelarrerako gonbitea luzatuz. Hain zuzen ere, 22:30etik aurrera, suaren inguruan dantzatuko dute bildutako pertsonaia guztiek, Lamiakoko futbito zelaian. Akelarrean, jentil mitologiaren eta kristautasunaren arteko borroka islatzen duen antzezpena egingo dute; zeinean sua, musika eta biribilketak nagusi izango diren.
Lamiaren kondaira
Prudentzia alargunaren semea marinela zen. Urrunean itsasontziren bat ikusten zuenean, semea etorriko zen esperantzaz Ondizen zuen etxetik Abra ingurura jaisten zen. Halako batean, betiko legez, semea agertu ez eta tristuraz beteta etxerako bidean hil egin zen. Kondairak dioenez, Lamia bihurtu zen.
Egitaraua:
Esan bezala, maiatzaren 25etik 27ra arte luzatuko dira Lamiakoko San Maximo jaiak.
Maiatzak 25, ostirala
17:00 Txupinazoa eta jaien hasiera.
18:00 Lamiako Maskarada (1. eta 2. zatiak).
20:00 Errekaldeko nagusien abesbatzaren emanaldia txosna alboan.
22:30 Lamiako Maskarada (Akelarrea) eliza alboan.
00:00 Dantzaldia txosna alboan.
Maiatzak 26, larunbata
11:00 Pailazo ikuskizuna eta jolasak eskoletako frontoian.
12:00 Trikitixa emanaldia.
13:00 Leioako Udal Musika Bandaren emanaldia.
16:30 II. Nazioarteko Tute eta Mus Txapelketak.
18:00 Euskal dantzak.
20:00 Herri txorizo jana.
20:30 Play back lehiaketa txosna alboan.
22:30 Umorea txosna alboan.
00:00 Dantzaldia Urdaibai taldearen eskutik.
Maiatzak 27, igandea
11:00 Ohe elastikoak, puzgarriak, ludoteka eta bitsa festa eskoletan.
12:00 Triki-txikiteoa.
13:00 Herri Kirolak: harri jasotzaileak eta aizkolariak.
14:30 Lamiakoko gastronomia lehiaketaren sari banaketa.
18:00 Dantzaldia.
20:00 Txokolate jana eta sari banaketa txosna alboan.
21:30 Jaien amaiera traka.