Uribe Kostako hainbat presoren "eskubideen urraketaz" ohartarazi du Etxeratek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 25a, 18:00

Etxerat elkarteak argitaratu duen "Maiatza, eskubideen urraketak" (pdf) dossierrean euskal preso politikoen egoera orokorra azaldu eta hile honetan izandako hainbat gertaera aipatzen ditu. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bere aldetik eskualdeko presoei dagozkienak nabarmendu ditu Etengabe bitakoran. Besteak beste, Endika Lejarzegi algortarra eta Gorka Garcia berangoztarra espetxez aldatu dituzte hilabete honetan: lehenengoa Alcalatik Monterroxora (Lugo) eraman eta bigarrena Navalcarnerotik (Madril) Huelvara bueltatu dute. Ocaña I (Toledo) espetxean, berriz, "edozein unetan eta maiz miaketak jasan dituzte", txostenaren arabera. "Kartzela honetan, gainera, senideak bisitak eskatzeko zailtasunak izaten ari dira", salatu du errepresioaren aurkako erakundeak. Bertan dago Ibai Aginaga Berangoko gaztea. Argazkian, azken ostirala Algortan.

Bestalde, Zuerako (Zaragoza) espetxean, "maiatzaren 9an, patiora joaterakoan detektagailutik pasatzeko agindu zieten. Motxilak miatzen, husten eta probokatzen aritu zitzaien funtzionario jakin bat, bere garaian Josu Lonbide erasotu zuena. Ordubeteko patioa zuten eta, ordu erdiz horrela izan zituztenez, patiora ez ateratzea erabaki zuten", azaldu dutenez. "Gertaera hauengatik, euskal preso politikoei, bi zigor sartu eta, 75.1 artikulua aplikatu diete, isolamendura zigortuz", gaineratu du Etxeratek. Bertan dira eskualdeko Martin Etxegarai (Berango), Olga Sanz (Sopela), Txabi Moreno (Sopela) eta Iñaki Bilbao (Urduliz).

Senideei oztopoak

Jabier Gallaga, Albaro Arri eta Anjel Figueroa algortarrak dauden Kordobako espetxean bisak astean zehar jarri dizkiete presoei, "senideei oraindik eta zailtasun gehiago jarriz aipatu bisitak egiteko", txostenaren arabera. Azkenik, bisitetara EHNArekin sartzen ez dietela utziko esan diete Fleury Merogisen espetxe frantziarreko presoen senideei, orain “Sarkozy dagoelako”. Orain arte bisitetara EHNArekin sartzen ziren. Bertan dira Manex Zubiaga (Algorta), Gotzon Alcalde (Algorta) eta Lexuri Gallastegi (Berango).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun