Ertzaintzak LI.D.O. 28 urte mutila atxilotu zuen atzo arratsaldean, lesio delitu bat egotzita. Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, atxilotuak bere andregai ohiaren lagun bat jo zuen. Mutil hori Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten. Gainera, eginbideak hasi dituzte bikotekide ohiari tratu txar psikologikoak eragitea leporatuta. Iragan igandean, maiatzak 20, goizaldeko lehen orduan, lagun talde bat Andra Mari frontoian (Getxo) zegoela, lagunartean zegoen neska baten mutil-lagun ohia hurbildu zitzaien, eta beraiekin hitz egiten hasi zen. Polizia iturrien arabera, neska gazte horri bertan zegoen mutil batekin zer egiten zuen galdetu zion LI.D.O.-k. Horren aurrean, neskatilak bakean uzteko eta alde egiteko eskatu zion. Bazirudien mutilak ospa egin behar zuela, baina, bat-batean, gazteetako bat kolpatu zuen. Bertan zeuden gainerako lagunek jarrera hori gaitzetsi eta apartatu egin zuten, alde egiteko aginduz. Erasoa pairatu zuen mutila minbera geratu zen, jasotako kolpeen ondorioz. Goizean, oraindik minak zegoela, Gurutzetara joan zen, eta ospitaleratu egin zuten.