Lehendabizi, euskararen normalizazioa planteatzerakoan unibertsalki onargarriak diren oinarri juridikoak aitortu behar dira, hizkuntza-komunitate guztiek eskubide maila bera dute euren lurralde historikoetan. Udal mailan ere euskarari ofizialtasuna eta lehentasuna eman behar zaio. Politika horren ezaugarriak honako hauek: baliabidez ongi hornitua, sailartekoa, sektoreartekoa eta epe zehatzak dituena. Horretarako, plangintza malguak behar dira, errealitatean oinarrituak eta mailakatuak. Era berean, udalerrietan dinamika politiko, sozial, kultural eta ekonomiko eraginkorrak abian jarri behar dira euskararen normalizaziora iristeko.
Udalak
Lanerako eremu eta tresna gisa honako hauek zehazten ditugu: udal ordenantzak, normalizazio-planak, azpiegiturak eta funtzionamendua, aurrekontua eta diru-laguntzak, aukera legalen erabilera, euskara ofiziala, berezkoa eta lehentasunezkoa izendatzea, euskararen transmisioa bermatzea eta Helduen euskalduntzea bultzatzea. Zehaztu beharra daukagu herritar euskaldunak % 70tik gora dituzten Euskal Herriko udalerri eta eskualde guztiak direla udalerri edo gune euskaldunak. Hizkuntza-komunitatearen babeserako lurralde-esparrua eta euskararen normalizazioa azkartzeko eremu intentsiboak dira hauek.
Ezinbestekoa da euskararen parekidetasuna eta berreskurapen osoa, hurrenez hurren, bermatzea ezagupenaren eta erabileraren aldetik. Bestetik, euskalgintzak hainbat alditan aldarrikatu duen eskaerarekin bat egiten dugu, Euskal Herriko toki-erakunde orok gutxienez aurrekontuen % 2 esleitzea, urtero, euskara normalizatzearen egitasmorako.
Herri-gogoa
Euskal hizkuntza-komunitatea berrosatzeko herri-gogoa, Euskal Herria euskalduntzeko kontzientzia eta borondatea, ezinbesteko eta oinarrizko osagaia da. Azkenik, kontuan hartuz euskararen normalizazioaren gaia zehar-lerro izaera duela eta hizkuntza-politikarik gabeko jardun politikorik ez dagoela euskarari instituzioen organigraman erdigunea eskaintzeko deia egin nahi dugu. Joera handia dago kultura- edo hezkuntza-batzordeetatik soilik kudeatzeko eta hori oztopo bilakatzen da beste sail batzuetan euskararen normalizazioari behar den indarrez ekiteko. Hizkuntza-politika horren zutabeak gure ustez, zeintzuk diren zehaztu dugu dokumentu batean, hain zuzen "euskararen ordenantza eredugarriak" arautegi proposamenean.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
http://www.kontseilua.org