Aintzane Garairen senideek ez dute epaia errekurrituko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 25a, 20:49

Garai familiak ez du errekurrituko pasa den astean Bizkaiko Lurralde Auzitegiak Aintzane Garai bortxatu eta labankadaz hiltzeagatik Mikel Herman gazte barrikoztarraren bikotekide ohiari 32 urte t'erdiko kartzela zigorra ezarri zion epaia. Gaur goizean, Barrikako udaletxean egindako prentsaurrekoan Yolanda Lopez Aintzane zenaren amak esan du 32 urte ez zaiola "nahikoa" iruditzen, baina errekurtsoa aurkeztuz gero ere, Hermanek zigorra osorik beteko ez lukeelakoan dagoela. Lopezek ez du zalantzan jarri epaile eta abokatuen lana eta zuzenean egungo "legeak bigunegiak direla" iritzi dio. Gainera, gogoratu du familiaren bizimodua guztiz baldintzatuta gelditu dela hilketaren ostean eta berriro ere min handia sortu ziela epaiketan Mikel Herman etengabe barrezka ikusteak. Azaldu duenez, Hermanen ama haiekin jarri zen harremanetan idatzi baten bidez, barkamena eskatzeko eta besarkadak bidaltzeko. Alabaina, ez zioten erantzun, "haiengandik ez dudalako ezer behar. Ez dut barkatzen, ezta ahaztu ere. Alaba behar nuen, besterik ez". Azkenik, gogoan izan ditu bere egoeratik pasatu diren amak, haietariko batzuekin harremanetan dagoela, eta dena dela askorekin konparatuz bera "pribilegiatua" dela gaineratu du Lopezek, bere alaba aurkitu, gertatutako ezagutu eta hiltzailea epaitu dutelako. Aintzane zenaren amarekin batera agertu dira David Garai, seme zaharrena eta Jose Mari Ezpeleta Barrikako alkatea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun