Astrabuduako saihesbidea uztailerako egotea espero dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 25a, 21:21

Astrabuduako saihesbideko bigarren zatiko lanak "azkar doaz", tokian bertan, Eusebio Melero Bizkaiko Herri Lan eta Garraio diputatuak eta Mikel Arieta-Araunabeña Erandioko alkate eta EAJko hautagaiak gaur adierazi dutenez. Obrak uztailaren hasierako egunetarako bukatuta egotea espero dute biek ala biek. Batetik, 11.000 biztanle baino gehiago dituen auzoan trafikoa arintzea, eta bestetik, Avanzada eta itsasadarreko errepideekin lotzea du helburu kilometro eta erdiko luzera izango duen bideak, Melerok azaldu duenez. Norabide bakoitzeko 3,5 metro zabalerako karril bana izango ditu eta 50 kilometro ordukoa izango da gehienezko abiadura. Nabarmentzekoak dira metro geltokitik gertu jarriko duten errotonda handia eta, Udondon, itsasadar gainetik egingo duten 65 metro luzeko biaduktua. Aipatu obrek Dow Chemical enpresako instalazioen zati bat lekuz aldatzea ekarriko du udal eta foru arduradunek aipatu dutenez. Behin saihesbidea zabalduta etorriko dira Astrabudua "atseginago" egiteko lanak, Arieta-Araunabeñaren hitzetan. Argazkian, Erandioko alkatea azalpenak ematen.

Mezo kaletik abiatu eta, Astrabudua inguratuta, itsasadarreko errepidean lotunea duen saihesbidea 1991ean hasi ziren eraikitzem. Metro geltokitik gertu egongo den errotondaz aparte, Iturrimingo kalearekin bat egingo du; baita Txakurzulo kalea eta Leioako Sabino Arana etorbidea lotu ere. Mikel Arieta-Araunabeña alkateak azaldutakoaren arabera, Astrabuduako "zirkulua" itxita, auzotik kanpo geratuko da industrialdea. Hain zuzen, mila milioi baino gehiago inbertitzeko asmoa dute Erandio eta Leioako lurretan (Astrabuduako metro geltokitik gertu) enpresa-gune berri bat egiteko. 92.966 metro koadroko azalera hartuko du Inbisa Elkar Bide elkartearen proiektuak, eta 300 konpainia edo gehiagok izango dute aukera enpresa-gune berri horretan jarduera profesionala garatzeko. 200 pabilioi eta 1000 aparkaleku inguru eraikiko dituzte eremu horretan. Bulegoek 3.586 metro koadro hartuko dute eta 66.394 metro koadro industria eta merkataritzarako izango dira. Parkearen inguruan 4.207 metro koadroko berdeguneak jarriko dituzte. Diseinu gaurkotua duen espazio funtzionala izango da.

Bizitegi-gunea

Saihesbideak berak mugatuko du Astrabuduako bizitegi-gunea. Hain zuzen, auzoa "atseginago" egiteko aldaketen artean, "15:00etatik aurrera Etxegorri kalea oinezkoei mugatzea izango da lehendabiziko ondorioetariko bat", alkate erandioztarraren hitzetan. Atoan etorriko da Mezo, Aldaieta, Iturrimingo, Bilboko Kontsulatua, Ollaga, Karl Marx eta Alkone kale inguruetan oraindik orain geratzen diren zatietan lehentasuna oinezkoei eman eta espaloiak zabaltzeko lanak, Arieta-Araunabeñak agindutakoaren arabera.

Osasun-etxe berria

Behin Eusko Jaurlaritzak onespena eman eta gero, Astrabuduako Iturrimingo eta Mezo kaleen arteko orubean osasun-etxe berria altxatzeko lanak "epe motzean" hasiko direla aipatu du udal agintariak. "Alboan edukiera handiko parkinga jarriko dugu, beste bi guneekin osatuz: Txakurzulo / Karl Marx eta Mezo / Atxutegi / Ollaga", gaineratu duenez. Metro geltokia eta herri gunea zein metrorako nasen arteko gunean estaltzea ere aztertzen ari da Erandioko Udala.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun