Eusko Abertzale Ekintzak euriari aurpegi ona jarri zion atzo Sopelako udaletxe aurrean egindako mitinean. Izan ere, entzuleek agertu zutenen ausardiarekin batera, alderdiak baiezko borobila eman zion hainbat balore eta proposamenei, besteak beste, euskara hizkuntza ofiziala izateari, EAEko izarra bezala 6 angelu edo herrialde dituen Euskal Herri batuari, euskal herritarren erabakitze eskubideari, bakeari, norbanako eta kolektiboak diren eskubide guztiei. Horiek bultzatzeko, zer esanik ez, igandean hautestontzian EAEko zerrenda sartzeko eskatu zuten.
Zerrenda "legalak" eta "ilegalizatuak"
Andoni Arriagak azaldu zuenez, hauteskunde "ez demokratiko" hauetan Uribe Kostan errepresioa gogor jo du, eta Sopelan eta Lemoizen EAEko zerrendak "legalak" izan arren, bestelako udalerrietan ezarri dute "debekua bozkatzeko eta debekua bozkatua izateko". Dena den, gogoratu zuen, ezker abertzaleak, besteak beste, Babes Ofizialeko Etxebizitzak defendatu eta hirigintza basatia eta espekulazioaren aurka egingo du, erakundeetatik zein kaletik.
Guillermo Viok, Uribe Kostako zerrendaburuez lagunduta, azaldu zuen "Faxismo espainiolak" gauzatutako ilegalizazioa ez dela benetako arazoa, prozesu politikoan beste oztopa bat baizik. Era berean, Sopelako kaleetako hormetan non nahi ikus daitezkeen Imanol Garai alkatearen aurkako kartelei erreferentzia eginez, Viok "karteletan agertzen diren pertsonak" ere benetako arazoa ez direla esan zuen. "Pertsonak aldatzen dira, baina arazoa hor mantentzen da, eta Uribe Kostan arazoak EAJ du izena". EAEko hautagaiaren aburuz, EAJk duen helburu bakarra bere negozioa mantentzea da "eta ezker abertzalea, EAE, gara aurrean gauden bakarrak. Gara beraien amarruak salatzen dituenok", eta "hirigintza basatiaren" aurrean ere oposizioa egiten dutenak.
"Jauntxoen gobernuaren aurka, herritarren gobernua"
Horregatik, Viok eskualde ezberdin bati, "eskualde bizi bati" baiezko borobila eman zion. Bide horretan, ezker abertzaleak hirigintza plan basatiei, "Foru Aldundiaren, EAJren eta isilik daudenen LZPri", Uribe Kosta porlana eta espekulazio eremua bihurtzeari, bukaerarik gabeko hiria egiteari, eta gazteria erbesteratzeari emandako ezetza gogoan hartu zuen. Horregatik, herri bizi eta gazteeen alde egin zuen, denda txikiak eta etxebizitza duin eta merkeak izango dituztenak.
Bestalde, Sopelako alktegaiak kritikatu zuen EAJk "apartheidez baliatu izana. Gu jauntxoen aurka gaude". Ezker abertzalearen alternatiba, partaidetza udaletara eramatean datza, udal kontseilu eta udal batza irekiak eginez eta udal erreferendumak erabiliz. Era berean, "itxurakeria eta prepotentzia" egotzi zien jelkideei, EAJk edozein arazoaren aurrean "planak eta hitzak baino ez" duela aurkeztu esanez, "ekimenik egin gabe". Horregatik, Agenda 21, EBPN, eta bestelako agiriak beharrean "gauzak herriko talde guztiekin adostu behar dira, dirulaguntzen morrontzarik gabe eta bazterketarik gabe". Funtsean, "jauntxoen gobernuaren aurka, herritarren gobernua" proposatu zuen Viok: "udal demokratikoak, irekiak, partehartzaileak eta marketing gabekoak".
"boto baliogarri bakarra"
Bukatzeko, Guillermo Viok, azpimarratu zuen hauteskunde hauetan alternatiba boto bakarra Eusko Abertzale Ekintzarena dela. Izan ere, zalantzapean jarri zuen Javier Madrazok hiruko gobernuan duen jezarlekua arriskuan jarriko lukeen EB-Aralarrek EAJri oposizioa egiten eta gauza bera iritzi zuen EAri buruz. Bestalde, PSE-EE eta PP herri eredu bera izateaz gain, Imazek PPrekin ituna egiteko aukeraz esandakoa gogoratu zuen Viok, berriro azpimarratzeko "27an EAEko botoa dela boto baliogarri bakarra. Haiena ez, alferrikakoa da".