Bihar, maiatzak 26, Astrabuduak eta Altzagak hartuko dute Musikaldia, Euskal Herriko musika eskolek bi urterik behin ospatzen duten jaia. Erandioko Udalak jakinarazi duenez, bihar zazpi herrialdeetako 2.200 lagun baino gehiago Erandiora hurbiltzea espero dute, soilik musika eskoletako kideak eta senideak zenbatuta. Musikaldiaren helburua musika sustatzea da, batez ere umeen artean, bai eta musika kalera ateratzea ere, sarritan ezezaguna gertatzen zaigun musika jarduera ezagutaraziz. Ekitaldiak goizeko 9:50ean hasiko dira, Astrabuduan egingo duten inaugurazio ekitaldia dela medio. Geroago kanpotik etorritako musikariei ongi etorria egingo diete, Josu Murueta plazan. Ondoren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako orkestra sinfonikoaren 25. urteurrena ospatuz, “Tempo di Martxa” joko dute plazan jarritako autobusetik. Aldi berean, 10:30etik aurrera, hainbat musika eskoletako taldeen emanaldiak entzuteko parada izango da. 11etan, berriz, kalejira izango da, eta 12etatik 15etara doako herri bazkaria parte-hartzaile guztientzat. Ondoren, Erandiok ohorezko makila emango dio Usurbili, 2009an Musikaldia hartuko duen udala. Bazkal ostean, 15:30ean, bertso saioa eta Gontzal Mendibilen kontzertua izango da. Bitartean, 4etatiki aurrera, orkestra sinfonikoaren autobusa Irailaren 23a plazan izango da, entzuleen gozamenerako. Baina, zalantza barik, eguneko kontzertua 17:30ean izango da, Oskorrik (argazkian) Altzagako azoka zaharrean joko baitu. Bestalde, Erandioko musika taldeen txanda Irailaren 23a plazan izango da, 7etatik aurrera. Gainera, goiz osoan zehar, argazki-rallya, puzgarriak eta hainbat jolas izango dira txikienentzat.