Hemendik ordu batzuetara publiko egingo dira Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeetako emaitzak, tartean Uribe Kostako bederatzi udalerrietako eta Erandioko datuak. Baina, orain dela lau urte bezala, ezker abertzalearen eta
Eusko Abertzale Ekintzaren (EAE) zerrenda gehienen ilegalizazioaren ostean, Hauteskunde Batzordeak eta hainbat alderdik ez dituzte aintzat hartuko hautestontzian sartutako boto guztiak. Egoera hori ez da Lemoiz eta Sopelan emango eta gaur bertan jakingo dituzte herri horietako hiritarrek haien zinegotziak nortzuk diren. Besteetan, EAEren balizko hautetsiak Espainiako Alderdiaren Legearen arabera nork eskuratuko dituen jakin arte ez dago egoera zein izango den iragartzerik. Izan ere, Aralar eta Eusko Alkartasuna alderdiek jakinarazi dute ez direla lege horretaz baliatuko, baina ez dute zehaztu jesarlekua beteko ez duten ala EAErekin adostuko duten nor izendatu. Zeintzuk izango diren hamar alkateak luzeago jo dezake, ordea. Bestalde, Bizkaian parte hartze txikia izaten ari da, arratsaldeko 6etan hautesleen %48,11k bozkatu duela, orain dela lau urte baino %7,63 gutxiagok. Eguraldi txarra eta Athleticen partida izango dira, segur aski hautestontzietara ez hurbiltzeko arrazoietako batzuk.