Bai Euskal Herriari ekimenak jakinarazi duenez, atzo Hego Euskal Herrian milaka izan ziren Euskal Herritar Nortasun Agiriaren bidez bozkatzeko eskubidea bete ahal izan zuten hiritarrak. Datuen arabera, gutxienez, Bizkaiko 140 hautes-mahaitan, tartean Getxo udalerriko zortzi, Gipuzkoako 394tan, Arabako 7tan eta Nafarroako 3tan bozkatu ahal izan zen ENA edo EHNA erabiliz. Dena den, Bai Euskal Herriak salatu du Algortan "EAJ-PNVko interbentoreen presio eta mehatxu gogorren ondorioz mahai askotako lehendakariek amore eman eta DNI espainiarra agertzera behartu dituztela EHNA eskuan bozka ematera gerturatzen ziren euskal herritarrak". Era berean,
Etengabe.org bitakorak kritikatu du EAJko ikuskatzaileek izandako jarrera eta argitaratu du haietako batek "bere burua zuritzeko" emandako
"Criterios de actuación" eskuorri jeltzale eta erdalduna. Bertan, Eusko Abertzale Ekintza bozkatzen dutenei kasurik ez egitea eta sor daitezkeen istiluetan beste batzuk busti daitezen, mahaiko kideei eta PPko zein PSE-EEko ikuskatzaileei "pilota pasatzea" proposatzen da, besteak beste. Bestalde, EAEko ahaldunen arabera, Getxoko mahai batean 40 bat lagun baino gehiago bozkatu zuten euskal agiriren batekin. Azkenik, Antsoainen Guardia Zibilak bi pertsonen aurkako salaketa jarri zuen Hautes Batzordearen aurrean EHNArekin bozkatzera deitzen zuten kartelak jartzeagatik eta Ertzaintzak 50 bat lagun sakabanatu zituen EHNArekin bozkatzera zihoazela. Argazkian, lagun bat botoa ematen, EHNArekin.