Ekainaren 1etik aurrera ostiraletara zabalduko du metroak gau osoko zerbitzua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 29a, 17:11

Metro Bilbaok hilabete aurreratu du udako gauetako zerbitzuaren hasiera eta ostiral honetan, ekainak 1, ekingo dio asteburuetako gau guztietan metroa zabalik izateari, iraileko azken asteburura arte. Enpresaren kalkuluen arabera, 15.000 pertsona baino gehiagok erabiliko dute gaueko zerbitzua udako ostiral bakoitzean. Zerbitzu hau jarriz "asteburuko lehen gau eta goizaldeko garraio eskaria ase gura da", azken urteotan, "bereziki ekainean eta irailean", gero eta handiagoa baita, Metro Bilbaok prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez. Enpresak nabarmendu du ekimen honen bidez, "bezeroari ematen dion zerbitzua hobetzen segitzen duela" eta harro agertu da "une hauetan estatuan gau osoko zerbitzu etengabea eskaintzen duen metro bakarra" delako. 2006an zehar hogeita lau orduko 73 zerbitzu eman ziren. Argazkian, metroa jendez lepo Bilboko jaietan / deadsunrise

Zerbitzua ostiraletan gau osoan luzatuko da, goizaldeko 2etatik 6etara 32 bidaia gehiago eginez eta ehun bat pertsonek egingo duten lanari esker. Trenek neguko zerbitzuko edozein ostiraletan baino mila kilometro gehiago egingo dituzte udako ostiraletan.

Uribe Kostara, trenak ordu erdiro

Ekainaren 1etik aurrera ekaina, uztaila, abuztua eta iraileko asteburu eta jai bezpera gau guzti-guztietan Etxebarri-San Inazio enborrean hamabost minuturo eta Portugalete (2. linea) eta Plentziarako (1. linea) adarretan ordu erdiro ibiliko dira trenak, norabide bietan.

Ordutegi berriak "uda gerturatzeak jendearen ohiturak aldatzen direlako eta hiri inguruko tren zerbitzu hauek gero eta gehiago erabiltzen direlako" jarriko dituela iragarri du Metro Bilbaok. Astialdi jarduerak eta herri eta auzoetako jaiak ugaltzen dira metroaren ibilbidean zehar eta "arrazoi sendoa izan da hori ekaina eta iraileko ostiraletan ere gau osoko zerbitzua ematea" erabakitzeko. Gainera, hiri inguruko trenaren ibilbideak metropolian zehar hedatuz segitu du. Horrela, Metro Bilbaok gaueko zerbitzu gehitu horrekin hainbat ekitaldi garrantzitsutarako joan-etorri beharrak ase ahalko ditu, berbarako, ekainaren amaierarako antolatuta dagoen Bilbao BBK Live musika jaialdira joango direnena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun