Getxoko zinema zikloak ostiralean amaituko dira euskaraz 13 minutu proiektatuta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 29a, 21:28

Algortako Getxo Antzokian proiektatzen diren Zine-Kluba eta Cinema Paradiso zinema zikloak asteazkenean eta ostiralean amaituko dira, hurrenez hurren. UKBERRI.NETek egiaztatu ahal izan duenez, urtarriletik datorren ostiralera arte Getxoko Kultur Etxeak 48 filma izango ditu proiektatuta bi ziklo horietan, haietatik 7 laburmetraiak. Euskarazko eskaintza, ordea, ez da 13 minututatik igaro, horixe baita euskaraz eskainitako "Sarean" eta "Midori" film laburrek irauten dutena. Beste 46 filma guztiak gazteleraz edo gaztelerazko azpitituluekin eman dituzte. Bihar, maiatzak 30, 20:00etatik aurrera, Koldo Serraren lehenengo luzemetraia eskainiko da: "Bosque de sombras", hain zuzen ere. Getxon sortutako zuzendaria (argazkian / Gaztesarea) bertan egongo da eta Zine-Klubeko forumean parte hartuko du, proiekzioa amaitu eta gero.

Bestalde, emanaldi berezia izango da etzi, ekainak 1, ostiralean, Cinema Paradiso zikloaren denboraldia amaitzeko. Getxo Antzokian, 22:00etatik aurrera, Giuseppe Tornatorek zuzendutako "Cinema Paradiso" klasikoa eskainiko da gaztelerazko azpitituludun jatorrizko bertsioan. Sarrera doakoa izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun