G8 gailurraren aurkako ekimenak izango dira egunotan Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 30a, 15:10

Gaur zortzi, ekainak 6, hasiko da Alemaniako Heiligendamm herrian Munduko estatu aberatsen eta Errusiaren arteko gailurra. Hiru egunez, makroekonomiako hainbat kontu eztabaidatuko dituzte bertan. Horren aurka eta bihar hasita, munduko hainbat mugimendu antikapitalistak protestak egingo dituzte gailurra bukatu arte. Uribe Kostan ere, hainbat ekimen izango dira egunotan, Itzubaltzeta / Romoko gaztetxean batez ere. Bertan, hainbat bideoforum egingo dituzte gaur hasita eta datorren asteazkenera arte, guztiak arratsaldeko 19:30ean. Gaurko gaia mugimendu sozialak G8ren aurrean izango da. Igandean, ekainak 3, nekazaritza ekologikoa eta transgenikoak izango dira aipagai. Astelehenean, berriz, "Camino a Guantanamo" filma proiektatu ondoren gerra eta arrazakeria gaia izango dute mintzagai. Ekainaren 5ean, gaia antimilitarismoa izango da eta azken egunean, ekainak 6, klima-aldaketari buruz hitz egingo dute, "Reclaim Power" filma ikusi ostean. Bestalde, ostegunean, ekainak 7, Bilboko Arriaga antzokitik manifestazioa egingo dute G8ren aurka eta bertaratzeko deia egin du Leioako Udondo gaztetxeak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun