Bihartik aurrera antzerkiz beteko dira lau egunez Leioako kaleak. Izan ere, Euskal Etxeen plazan, Errekalde plazan, Bulebarrean, Jose Ramon Aketxe plazan, institutuan, Estartetxe kalean, Ikea Barri plazan, Kultur Leioan, Sabino Arana kalean eta Kutxa Metafisikoan egongo dira emanaldiak. Kultur Leioan eskainiko diren obrak ikusteko, 12 euroko sarrera ordaindu beharko da.
Era guztietako proposamenak hartuko ditu Umore Azokaren zortzigarren edizioak. Deigarrienen artean, Iñaki Matak bakarrik antzeztuko duen "Barreras" lana dago, zeinean aulki gurpildunean doan gizon batek bidean topatzen dituen etengabeko oztopoak ikusiko baitira. Edota Australiatik datorren Alan Star konpainiaren "The Paraffinalien" ikuskizuna; suaren argitasuna eta iluntasuna lagun, hausnarketa bideratu nahi duen lana. Bestalde, Katalunia eta Euskal Herriko La Residual eta Portal 71 taldeen elkarlanetik jaiotako egitasmo hezitzailea da "La residual", hirietako hondakinez egindako panpinak protagonista dituela.
Zeruko artea
Aurten ere, Zeruko Artea gune bereziak zirko ikuskizun arriskutsuak hartuko ditu: trapezioa, Txinako masta, hari laua, oihal hegalariak, Alemaniako gurpila... Euskal Herriko Zirkus Frak-en eskutik, Kataluniako lau taldek antzeztuko dituzte akrobaziak: Circo Delicia, Lorrojo, Mo eta Zahir Zirkus.
Informazio guztia Umore Azokaren web gunean aurkitu dezakezu: eskuko egitaraua (pdf), liburuxka...
Maiatzaren 31tik ekainaren 3ra egingo da