Ekainaren 8an Itzubaltzetara itzuliko da Blues Jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 30a, 20:46

Ekainaren 8tik 10era bitartean blues estilo anitzen erakusleiho bihurtuko da Getxoko XIX. Nazioarteko Blues Jaialdia. Aurtengo eskaintzak izen handiko artistak bilduko ditu: Hash euskal taldea, Sherman Robertson & Blues Move, Buddy Guy eta Zora Young. Jaialdia Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazara bueltatuko da, bertan egiten ari ziren lanak aspaldi amaitu baitzituzten. Ohi bezala, kontzertuak 21:30ean hasiko dira, azken egunekoa izan ezik (20:00etan), eta sarrera doakoa da. Hash taldeak hasiko du Getxo&Blues jaialdia ekainaren 8an, ostiralarekin. Blues rock, country, jazz, rhythm&blues eta soul erritmoekin, oso eragin ezberdinak islatzen ditu, hala nola Fabulous Thunderbirds, Steve Ray Vaughan, Rolling Stones, The Band, Neil Young, Black Crowes, Otis Redding, Allman Brothers, Little Walker, Muddy Waters, Taj Mahal, Johnny Winter edo Bob Dylanenak. Argazkian, Buddy Guy gitarjolea.

Ondoren, Sherman Robertson gitarrista eta abeslaria igoko da agertokira. Artista trebatu honek bere musikan estilo ezberdinak batzen jakin izan du, besteak beste, zydeco herritarra, Louisiana padura eremuetako jatorrizko swamp blues, rhythm&blues, rock"n"roll edo country musika. Bere ibilbidean zehar Clifton Chenier-en mailako blues gizonekin elkarlanean aritu da, eta beste estilo batzuetako musikariekin ere egin du lan, hala nola Paul Simonekin. Louisianako musikariak The Blues Move Band blues talde britainiarra izango du lagun.

Larunbatean kontzertu handia

Getxo&Blues jaialdiko kontzertu handiena ekainaren 9an helduko da, larunbatarekin, Buddy Guy Chicagoko bluesaren mitoarekin. Buddy Guy blues musikaren figura handienetako bat da, eta eragin izugarria izan zuen Rolling Stones edo Led Zeppelin bezalako talde mitikoengan, beren estilo eta musika eredu bitxiak garatzeko oinarri hartu baitzuten. Bost Grammy sari eta 23 W.C. Handy sarik abalatzen dute artista honen ibilbide oparoa. 2005ean ondo merezitako lekua lortu zuen Rock and Roll Hall of Fame delako aretoan. 40 urte luzeko ibilbidearekin, Buddy Guyk bluesaren maisu ukaezina izaten jarraitzen du.

Igandeko azken kontzertuan Zora Young arituko da. Gospelaren munduan hasi eta ondoren rhythm&blues estiloan murgildu zen emakumezko abeslari honek 30 urte luzeko ibilbidea egin du dagoeneko. Bide horretan zehar, Bobby Rush, Buddy Guy bera, Albert King edo B.B. King handiaren mailako artistekin aritu da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun