Bertan hainbat espezialitate erakutsiko dira: zeramika, bitxigintza, ehungintza, harrigintza, pintura, larrukigintza, landare-zuntzaz eginiko lanak... Halaber, ez ditugu ahaztu behar eskulangintzan hain ohikoak ez diren beste arlo batzuk ere, azokan ikusgai egongo dira-eta. Guztira, 20 bat izango dira Areetako Xake plazan ikusi ahal izango dren eskulangintza arloak. Gainera, gastronomia-gunea ere izango da Itzubaltzetako Ibaiondo kalean, hain zuzen ere eta bertan 14 salerosle egongo dira.
Eskaintza anitza
Eskulangintza azoka horretan parte hartuko dutenak kontu handiz aukeratu dira, tokiko kultur iturrien arabera, eta hori dela eta lortu da azoka anitza. Euskal Herria osotik etorritako eskulangileez gain, Asturias, Galizia, Aragoi, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Murtzia, Andaluzia, Katalunia, Valentzia eta Madrilgo partaideak egongo dira. Aurten, gainera, Irlandatik, Portugaletik eta Frantziatik etorritako artisauek parte hartuko dute azokan. Hortaz, jendeak ezagutzen dituen produktuak lor ditzake; baita hain ezagunak ez direnak eta eskulangintza beste era batera ulertzeko bidea ematen digutenak ere.
Ohikoa denez, azoka ikustera doazenek bilatzen ari direna lor dezakete azokan eta, gainera, eskulangintzako produktuek duten berme eta erakargarritasunarekin. Kalitate handiko produktuak lortu ahal izango dituzte azokara doazenek, bai eskuz eginda daudelako eta baita egiteko erabili dituzten materialak kalitate handikoak direlako ere. Produktu hauek bakarrak dira, ez dituzte bi produktu berdin inon aurkituko.
Harrizko erretilu erraldoia
Salmenta-guneaz gain, aurten erakustaldiak egiteko gunea ere egongo da azokan. Bertan, goizez eta arratsaldez, zenbait eskulangile jardungo dira zuzenean, publikoak eskulanak nola egiten diren ikusteko. Oraingo honetan Javier Caravaca artisau murtziarrak zetazko janzkiak nola egiten diren erakutsiko du. Prozesuaren pauso guztiak ikusi ahal izango ditu bisitariak, zetar-hazkuntzan hasita, janzkia bukatu arte eta. Burgoseko Ruben Gonzalez tailugile, eskultore eta grabatzailea etorriko da harri-lanaren sekretu guztiak erakusteko asmotan. Hiru egunetan, artisau horrek harrizko erretilu erraldoia egingo du, sei tonako harria landuta.
Bestalde, azokaren lehenengo egunean (ekainak 1), ostiralean, Getxoko Kultur Etxeko ehoziri-lanaren tailerretako ikasleek antzinako eskulan espezialitate honen teknika neketsuak erakutsiko dituzte. Azkenik, gaztetxoenek lehenengo aldiz gozatu ahal izango dute eskulangintzaz haientzako bereziki egongo diren zeramika, egurra eta saskigintza-tailerretan.
Sariak
Ez ditugu ahaztu behar beti eman ohi dituzten bi sariak. Alde batetik, eskulangileen lana sarituko duena eta, bestetik, produktuak aurkezteko duten modua sarituko duena. Diseinu eta stand-en inguruko lehiaketak dira eta euretan islatzen da urtez urte produktuen kalitatea eta euren postuen aurkezpena eta apaindura hobetzeko eskulangileek egiten duten ahalegina. Horrekin batera, urtero erosleen artean egiten dugun zozketa ere egingo dugu aurten ere eta zerbait erosten duten bisitarien artean eskulangintza produktuak zozketatuko dira.
Gainera, parte hartuko duten eskulangileei buruzko informazioarekin 10.000 katalogo argitaratuko dira, ondoren, erosleak haiekin harremanetan jar daitezen eta erosle saltzaile arteko harremanak azokatik kanpo ere jarrai dezan.