Aurreko bi edizioetako harrera ikusita, aurten 15.000 lagunek parte hartzea espero dute. "Europar Batasunak horrelako jolas eta kirol jardunaldiak antolatzea gomendatu du, horretara kirola eskubide izan dadin biztanle guztientzat, herritarrak gizarteratu eta hezi daitezen eta aisialdian jarduera osasungarriak egin ditzaten kirolari esker", diote Aldunditik. Bizkaiak bat egin gura izan du Bartzelona eta Turin hiriekin. Hiri bi horiek jai handi hau ospatzen baitabiltza azken urteotan. Hauek dira aurtengoan parte hartuko duten udalerri bizkaitarrak: Abanto, Basauri, Durango, Iurreta, Portugalete, Areatza, Bermeo, Erandio, Lekeitio, Santurtzi, Arrigorriaga, Berriz, Bilbo, Ermua, Mundaka, Sestao, Bakio, Derio, Galdames, Muskiz, Sondika, Dima, Gernika-Lumo, Ortuella, Zamudio, Markina-Xemein eta Amorebieta-Etxano.
Eskola kirola
Ateak Kirolari Irekita jardunaldia Aldundiko bitartekoetako bat da, "kirola guztientzat" ideia txoko guztietara hedatzeko. Horrekin batera, Eskola Kirola da egitaraurik garrantzitsuenetako bat. 2006-2007 ikasturtean 25.000 umetatik gora parte hartu du bertan, eta haietatik 5.000 finaletara iritsi da. Egitarau horretako jardueren egutegian, 40 kirol ezberdin irakatsi dira, lehiaketetan (futbola, atletismoa, arku-tiroa...), hasiera ikastaroak (hipika, bela, golfa, surfa...) eta jolas-jarduerak (mendia, eskia, aeromodelismoa...). Horretaz gain, beste kirol batzuen gorakada aipatu dute foru iturriek: arraunketa, pilota eta, berriena, herri kirolak. Denboraldi honetan, 130 arraunlarik eta 900 ikaslek parte hartu dute herri kiroletan.
Kanpaina osoan zehar, eta beraren helburu bat denez, ekimen osagarriak abiatu dira, hala nola, "ikusle onaren dekalogoa", edo "besarkatu kirola" (berriagoa), Ateak Kirolari Irekita 2007ko edizioaren irudia ere badena. Horien guztien bidez, ohitura onak, errespetua, edukazioa, eta integrazioa eta kultur artekotasuna sustatu nahi dituzte, alderdi guztietan.
Kirola eta osasuna
Ariketa fisikoa eta kirola aisialdiko jarduera gisa ez ezik, osasunaren sinonimotzat ere hartu gura du Bizkaiko Foru Aldundiak, "betiere kontrol-baldintzen menpean". Horretarako, Kirol Medikuntzako Unitate Mugikorra jarri zuen martxan iaz foru erakundeak, udal instalazioetan kirola egiten duten pertsona guztiei arreta emateko eta azterketak egiteko. Aipatu ekimenak, oso balantze positiboa izan du, lehen urtean. Aurten, berriz, 40 udalerritara iristea eta 800 azterketa mediku inguru egitea espero dute.
Baliabide tekniko eta informatiko berrienak ditu eta batez ere prebentzioa da beraren helburua. Besteak beste, sasun azterketa orokorrak eta oinarrizko azterketa bereziak egin eta ebaluazio fisikoetan ikusten diren arazoak zuzentzeko aholku eta gomendioak ematen ditu Kirol Medikuntzako Unitate Mugikorrak. Horretaz gain, ergometria edo esfortzu-testak egiteko aukera ematen du. Azken hori da unitate horrek ekarri dituen berrikuntza nagusietako bat.