Datorren igandean bularrezko minbiziaren aurka egingo dute lasterketa emakumeek Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 1a, 20:46

Ekainaren 10ean lehendabiziko aldiz egingo da Getxo udalerrian Emakumeen Lasterketa. Espainian zehar antolatutako zirkuituaren barruan dago aipatu proba eta, guztira,. zortzi korrikaldi izango dira urte osoan, apirilaren 15an Malagan hasi eta azaroaren 11n Zaragozan bukatuta. Getxoko lasterketarako izen-ematea ekainaren 7a arte egongo da zabalik. Izan ere, ez da izen-ematerik onartuko Lasterkariaren Azokan, ezta lasterketaren egunean bertan ere, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Inskripzio epea bukatutzat emango da 3.000 lasterkari apuntatzen direnean. Izena emateko tokiak honakoak dira: www.carreradelamujer.com eta www.runners.es web orriak, eta Bilboko, Eibarko eta Gasteizko El Corte Ingles saltokietako kiroletako solairuetan. Horretarako euro bat ordaindu beharko da. Diru hori bularreko minbiziaren kontrako ekimenetarako erabiliko du Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC). Lasterketan horrela nahi duten 12 urtetik gorako emakume guztiek parte hartu ahal izango dute, betiere behar bezala inskribatuta baldin badaude.

Elastikoak eta dortsalak Bilboko El Corte Ingles saltokian (Kale Nagusia, 7) banatuko dira, ekainaren 8an, ostirala, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; eta ekainaren 9an, larunbata, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Ezinbestekoa da izena emateko orduan ematen den ordezkagiria aurkeztea edo, Internet bidez eginez gero, antolatzaileek igorritako izen-ematea “berresteko e-maila”ren inprimakia. Lasterketaren egunean bertan, 8:30etatik eta lasterketa hasi baino 15 minutu lehenago arte, kronometrajerako txipa emango diete parte hartzaileei, dortsala aurkeztu ondoren. Helmugara iritsitakoan, antolatzaileei itzuli beharko zaie txipa, opariak eta edariak dituen poltsaren truke.

Ibilbidea eta kategoriak

Irteera 10:30ean izango da eta ibilbidea egiteko, gehien jota, ordubete eta 15 minutu izango dituzte korrikalariek. Lasterketak 5 kilometroko ibilbidea izango du, guztia udalerri barruan: Ereagako moilako aparkalekua (irteera), Arriluzeko Markesaren pasealekua, Zugatzarte etorbidea, Areetako etorbidea, eskuinerantz Kale Nagusian barrena, eskuinerantz Evaristo Txurruka moilatik, eskuinera Areetako hondartzara, Areetako moila, ezkerrera Arriluzeko pasealekutik joateko, eta eskuinera Ereagako moilatik helmuga hartzen duen aparkalekura iritsi arte.

Kategoriei dagokionez, banakakoak eta taldekakoak bereizi dituzte lasterketaren oinarrietan. Maila bakoitzeko lehenengoentzat garaikurrak egongo dira; baita helmugara iristen diren guztientzat opari politak dituen poltsa ere. Garaikurrak emateko orduan, antolakundeak talde irabazleei (enpresa, gimnasio eta elkarteen kategorietan) horietako kide izatearen ziurtagiria eskatu ahal izango die. Kategoria familiarretako gainerako irabazleen familia-liburua ere eskatu ahal izango zaie, baita DNI agiria ere adinaren araberako kategorietan.

Autoaren zozketa

Antolatzaileek osasun-zerbitzu espezializatua izango dute lasterkarien zerbitzura. Halaber, hainbat anbulantzia egongo dira, ibilbidean zehar, irteeran eta helmugan kokaturik. Sailkapen orokor ofiziosoa eta partaide guztien argazkiak (helmugara iristean) lasterketaren biharamunean argitaratuko dira www.carreradelamujer.com, www.runners.es web orrietan, 14.00etatik aurrera. Bestalde, taldekako sailkapenak egiteko talde bakoitza osatzen duten kide guztien denborak batuko dira. Gainera, auto bat irabaz dezakete parte hartzaileek. Korrikalari guztien artean zozketatuko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun